Ezkerreko Bannerrak Phone Hidden

Historia

Historia

Anizlarrea eta Orreagako Kolegiata

Artikutza etxaldeak barruan duen auzo txiki bati zor dio izena. Barrutiaren lehen aipamen idatziak XIII. mendekoak dira. Garai hartan, Anizlarrea deituriko lursailaren parte zen Artikutza, eta Orreagako Santa Maria Kolegiataren mende zegoen. Dohaintza, truke eta erosketen bitartez jabetu zen hartaz, eta XIX. mendera arte haren agintaritzaren mendean iraun zuen, aldez.

Hango burdinolak, ikatza ekoizteko eskubideak, meatzeak, basoak eta larreak zuzenean ustiatzen edo errentan ematen zituen Kolegiatak. Oraindik ere ikus daitezke Artikutzan, han-hemenka, Anizlarrea eta saroiak (hau da, tamaina handiko azienda (behiak, idiak,...) bazkatzeko erabiltzera bideratutako lursailak) zedarritzen zituzten mugarriak, Orreagako Kolegiataren zigilua zizelkaturik dutenak.

Arriurdiñetako mugarria Arriurdiñetako mugarria

Urteak aurrera joan ahala, Goizuetak Anizlarrearen gainean zituen eskumenak handituz joan ziren, baina Kolegiataren eta Goizuetaren nahiz beste errentari partikular batzuen arteko desadostasunak eta auziak etengabekoak ziren, herriaren eta Kolegiataren interesek ez baitzuten bat egiten.

1815ean, adiskidetasuna sinatu zuten Orreagak eta Goizuetak, eta Anizlarrea bi zati egin zuten: batetik, Anizlarrea berriaren 5.477 ha Goizuetari eman zizkioten, eta, bestetik, Anizlarrea zaharraren 3.770 Ha, gaurko Artikutza, Orreagako gobernuaren mendean gelditu ziren, ez Goizuetak ezta banako jabeek ere ez zutelarik inolako eskubiderik zati haren gainean.

Banaketa horren lekuko, Anizlarrearen bi zatiak nahiz Artikutza eta Goizuetako muga zedarritzen duten 37 mugarriak.

Artikutza desjabetu eta...

XIX. mendearen hasieran, gobernu liberalek elizaren eta ordena erlijiosoen ondasunak desamortizatzeko prozesu bat bultzatu zuten. Orreagak prozesu horretatik salbu gelditzea lortu zuen, Maria Cristina erreginaordeak gestio batzuk egin zituelako. Erreginaordeak agintea galdu ondoren, azkenean, lur haiek desjabetu eta enkantean atera zituzten.

Goizarin burdinolaren aurriak Goizarin burdinolaren aurriak

... esku pribatuetara igaro zen

Fagoaga eta Carriquiri izan ziren Artikutzako lehen jabeak, 1844an. Gero, jabez aldatuz joan zen barrutia, eta, era berean, baita haren prezioa handituz ere, baina ez hartan egindako hobekuntzengatik, espekulazioagatik baizik.

1896an, gutxi gorabehera, Elamako meatze gunea Errenteriako geltokiarekin lotzeko meatze burdinbidea eraikitzen hasi ziren. Aldamako kondeak jarraitu zuen burdinbidea eta etxaldea ustiatzen. Ondoren, Rafael Picaveari saldu zioten barrutia. Hark, beste baltzu batzuen artean, Compañía Explotadora de Artikutza SA sortu zuen, Acillonako markesarekin batera, eta azken hura izan zen Artikutzaren hurrengo jabea.

1919ko urtarrilean, Acillonako markesaren oinordekoei erosi zien barrutia Donostiako Udalak, 3.200.000 pezetan (19.233 bat euro).

Langileak gaur egungo Enobietako urtegia kokatzen den gunean 1903. urte aldera Langileak gaur egungo Enobietako urtegia kokatzen den gunean 1903. urte aldera

Donostiarako ura

XX. mendearen hasieran, "Belle Époque" garaian, Donostiaren hazkunde erritmoa izugarria izan zen, eta are gehiago udan, Espainiako erregetzak uda sasoia hiri horretan igarotzen baitzuen. Inguruko putzu eta iturburuak ez ziren nahikoa hiria hornitzeko, eta konponbide aztertzen hasi ziren.

Urumea errekan gora bila aritu ondoren, Añarbe errekan presa txiki bat eraiki zen, Artikutza etxaldearekiko mugan.

1902an, sukar tifoideak jo eta 40 pertsona hil zirenez gero, alarma piztu zen. Presatik gorako urak aztertu ondoren, han aurkitu zuten infekzio gunea; izan ere, gaitz horrek jota gaixotuta zeuden Artikutza auzoko bi bizilagun, eta haien arropa zikinak errekan garbitu eta gorotzak errekara isurtzen zituzten, eta ura Añarbe errekara heltzen zen.

Hori zela eta, Donostiako Udalaren ustez, nahitaezkoa zen Artikutzako barrutia erabat kontrolatzea.

Negoziazio zailetan ibili ondoren, 1919an, udalak 3.700 Ha-ko Artikutza Etxaldea eskuratu zuen, eta hoditeria eta kanal sare handi bat eraiki zuen, iturburu guztietako urari etekina ateratzeko. Gainera, ura kutsatzeko moduko jarduera guztiak galarazi zituen: baso eta meategi ustiapenak, abeltzaintza... Pertsonak barrutira sartzea ere mugatu zuten, eta etxaldean han-hemenka sakabanatuta zeuden baserriak utzita, (Elama, Goizarin, Egazki…) biztanleak Artikutza auzora aldatu ziren.

1950-1960 artean, Enobietako presa eraiki zuten. Arazo geologikoak zirela tarteko, ezin izan zuten amaitu, eta haren edukiera hasieran pentsatutakoaren erdian geratu zen. Horma bular batean zeuden iragazketa arazoengatik, berriz murriztu behar izan zuten haren edukiera

Hala, beharrezkoa izan zen beste urtegi bat eraikitzea. Añarben egin zuten, eta 1975ean hasi ziren erabiltzen. Donostialdea eskualde osoa hornitzen zuen, eta, horrenbestez, hiria zuzenean hornitu gabe geratu zen Artikutzako urtegia.

Gaur egun, Artikutzako ura Añarbera iristen da, bere ibilgu naturaletik. Eta alde batera utzi behar izan zuten garai batean diseinatutako kanal sarea. Artikutzatik dator Añarben biltzen den ur gehiena.

Ugaldeko presa Ugaldeko presa

Enobietako presaren eraikuntza 1951. urtean Enobietako presaren eraikuntza 1951. urtean

Ingurumenak lehentasuna

Artikutzak hirirako ur horniduraren funtzioa galdu zuenez, ingurumen arloak oraindik  garrantzia handiagoa hartu zuen. 2004an, Artikutza Natura 2000 Sarean sartu zen eta 2016an Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuten.

Baina udalak beste pauso bat eman nahi izan zuen eta hornidura sarearen azpiegiturek ibaietan eragiten zituzten kalteak, ahal ziren neurrian, ezabatzea erabaki zuen.

Ibaietan eraiki zituzten presa txikiek ibilguaren konektibitatea eten egiten zuten, eta ondorioz, ibaietako fauna kaltetzeaz gainera, sedimentuen garraioa oztopatzen zen, presa ezberdinen goikoaldean pilatuz.

Horrela, 2014ko udazkenean, Artikutzako ibai nagusietan zehar sakabanatuta zeuden 7 presa txiki eraitsi ziren.

Presa handia besterik ez zen geratu. Enobietako presa ezabatzea hasieran ezinezkotzat jotzen bazen ere, poliki-poliki aukera hura posible zela ikusten hasi ziren.

Presa handi hark, eraitsitako txikiak bezala, ibaiko faunaren zirkulazioa oztopatzen zuen, baina baita emariak erregulatu ere, erreketan ohikoak izaten ziren uhaldi naturalen tamaina eta maiztasuna eraldatuz. Gainera, pilatzen zen ur masa handian uraren kalitatean eragina duten erreakzio kimiko ezberdinak gertatzen ziren (oxigeno falta, metalen prezipitazioa...). Ingurumenean eragindako kalteez gain, presaren mantentze lanak egiteko behar zen inbertsio ekonomiko handiak behartuta, udalak presa ezabatzeko erabakia hartu zuen.

2016 eta 2017 urtetan zehar, urtegiaren hustuketak sare hidrikoan izan zezakeen eragina ezagutzeko hainbat ikerketa burutu ziren.

2008. urteaz geroztik urtegian bizi ziren bertako karramarroak atera eta urtegia pixkanaka eta era mailakatuan husteari ekin zitzaion, 2019ko otsailean presaren hondoko atearen irekierarekin amaitu arte. Handik aurrera, urtegia desagertu eta urez betetako azaleran erregenerazio prozesu azkar bat hasi zen.

Hirian pairatzen zen ur behar larriak behartuta, XIX. mendearen bukaera aldera, Udala hornidurarako sare handi bat sortzen hasi zen, eta lanak 1950eko hamarkadan amaitu ziren Enobietako presaren eraikuntzarekin.

Orain, ur horniduraren arazoa Añarbe urtegiari esker konponduta geratzen denez, azpiegitura guztiak desegiteko ahalegin handia egin da, egoera iraultzeko eta ibaiak berezko egoeraren antzera uzteko asmoz.

Erroiarriko presa Erroiarriko presa botatzen.

Motordun txalupa urtegianMotordun txalupa urtegian

Iratzedun loreontziak Karramarroak harrapatzen.

100 urtetik gora, ia giza jarduerarik gabe, zahartzen eta garatzen joan diren bertako basoek eta sare hidrikoaren egoera ezin hobeak Artikutza Europako leku kontserbatu eta berezienetako bat bihurtzen dute.

Artitkutzaren argazkia
Artikutza orain
Presaren eremua hustu berritan eta urtebete geroago.