Ezkerreko Bannerrak Phone Hidden

Artikutza-Bisita gidatuak

Bisita gidatuak

Donostiako Udalak eskaintzen duen Artikutza Natura programa barruan daude bisitaldi horiek. Udalak enpresa bat kontratatu du, gidari lanak egiteko.

Bisitaldi gidatua egin nahi izanez gero, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen, bisita programatu bakoitzaren deskribapenean aurkitzen den izen-emate online formularioren bitartez edo beste bide hauen bitartez:

artikutzanatura@donostia.eus edo telefonoz 679 613 016 (astelehentik ostegunera, 11:00tik 16:00ra)

 

Bisita gidatu programatuak

Urte osoan zehar antolatzen dira bisita gidatuak, baina eguraldiaren araberako azken uneko aldaketak gerta daitezke. Hemen agertzen den programazioa hilean behin eguneratzen da.

TARIFAK:

  • 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
  • 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako.

Bertan ordaintzen da, eskudirutan.

 

PROGRAMAZIOA:

1. Mintegixar eta trenbide zaharra 

  •  Data: martxoak 9 
  • Hizkuntza: elebitan 
  • Luzera: 11 km inguru
  • Desnibela: 250
  • Zailtasuna: ertaina

Azalpenak

Eskasetik hasita, 200 metro jaitsiko gara errepidetik eta eskuinetik hasten den bidea hartuko dugu. Mintegixar inguruan barneratuko gara, erreka ugarik zeharkatzen duten pagadi ilunean. Eremu horretan hagin populazio garrantzitsua dago, zuhaitz berezia eta nahikoa urria dena, eta ikusiko ditugun ale batzuek 400 urte baino gehiago izan ditzakete. Populazio hori zaindu eta hobetzeko egin diren lanen berri emango dugu.

Mintegixarren pistak errepidera eramango gaitu berriro. Hortik meatze-trenbide zaharraren trazadura hartuko dugu, berriro Eskasera itzultzeko.

Mapa

Izen-ematea

2. Elamako meatze gunea eta burdinola 

  • Data: martxoak 16 
  • Hizkuntza: elebitan 
  • Luzera: 6 km inguru
  • Desnibela: 190 metro
  • Zailtasuna: ertaina

Azalpenak

Ibilbide honetan zehar, Artikutzaren historiako industria aro garrantzitsuenak ingurunean izan duen eraginaren xehetasunak ezagutuko ditugu. Elamako burdinolaren hondakinak bisitatuko ditugu eta haren funtzionamendurako beharrezkoak ziren jarduerak ezagutuko ditugu: meatzaritza, ikazkintza, etab.

Irteera Arriurdinetako harrobian hasten da, Artikutzako hegoaldeko sarreran. Elamako burdinola eta baserriraino jaitsiko gara eta burdina ateratzeko erabiltzen ziren meatze-zuloak ikusiko ditugu. Burdina olan bertan erabiltzen zen, edo handik ateratzeko eraiki zen trenbidean eramaten zen.  Azkenik, pistatik abiapuntura itzuliko gara. 

Mapa

Izen-ematea

3. Urdallue 

  •  Data: martxoak 30 
  • Hizkuntza: elebitan 
  • Luzera: 6 km inguru
  • Desnibela: 350 metro
  • Zailtasuna: ertaina

Azalpenak

Uneoro basopean egiten den bide honetan Artikutzako basoei, biodibertsitateari eta historiari buruzko azalpenak emango ditugu. Artikutzako auzotik hasi eta Urdallueko burdinola zaharrera abiatuko gara pagadi ilunean zehar, ur gardenetako zenbait errekasto eta iturburu zeharkatuta. Itzulera eguteratik egingo dugu, harizti eta pinudien artean. 

Mapa

Izen-ematea

Ohar orokorrak:

  • Irteerak 9:00etan hasiko dira.
  • Ibilbidearen arabera, Eskaseko parkinga edo Artikutzako auzoa izango dira elkarguneak.
  • Nahiz eta ibilbideek zailtasun teknikorik ez izan, komenigarria da mendirako zapata egokiak eta hotzerako arropa eramatea, eta horrez gain jateko zerbait ere bai.

Aholkuak:

  1. Ibilbide hauek ez daude gaitasun fisikoak hobetzeko prestatuak, naturak Artikutzan eskaintzen dizkigun aberastasunez jabetzeko baizik.
  2. Geldialdiak egingo dira ibilbidean zehar, ingurunea ezagutu, usaindu, ukitu, entzun eta paisaiaz gozatzeko, besteak beste; hamaiketakoa egiteko geldialdi teknikoa ahaztu gabe, noski!
  3. Ibilbide guztietarako mendiko botak eramatea gomendagarria da.    
  4. Zira edo txamarra eramatea aholkatzen dizuegu, mendian eguraldi aldaketak maiz gertatzen baitira. Eguraldi txarra dagoen kasuetarako, aldatzeko arropa eramatea ere gomendatzen da.
  5. Jateko eta edateko zerbait eramatea komenigarria da, auzoan kafe eta freskagarri makina besterik ez dago eta.
  6. Sortutako ZABOR GUZTIA biltzea eskatzen dizuegu mesedez, (fruta hondakinak eta azalak barne)
  7. Mendi bideak izan arren, ez dute zailtasun handirik, osasun arazorik ez badago behintzat. Aukeratu baino lehen begiratu ibilaldien deskribapen orrian luzera eta desnibela.
  8. Makilak edo bastoiak lagungarriak dira maldetan.

Neurrira antolaturiko bisitaldiak

Artikutza gida batez bisitatzea kontratatu dezakete 8 eta 25 lagun bitarteko taldeek.

Ibilaldiak Artikutzako historia, ezaugarriak eta natura bikaina ezagutzeko interesa duten taldeentzakoak dira. Familientzako bereziki diseinaturiko aukera bat dago.

Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke. Hartarako, gorago aipaturiko bidea erabilita, eguna, ordua eta baldintzak zehaztu beharra dago.

TARIFAK:
15 pertsona arteko taldeak: 62,79€ taldeko.
15. pertsonatik gora:

  • 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
  • 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako.