BOU Gipuzkoaren eskuturaren inaugurazioa, Eusko Itsas Gudaroastearen kideen omenez

Donostiako portuan gure memoria demokratikoa berreskuratzeko gune berri bat dago, BOU Gipuzkoa birsortzen duen brontzezko eskultura baten bidez.

2,70 metro luze eta 40 cm zabal den eskultura honek omenaldia egiten die Gerra Zibilean Canarias gurutzaontzi frankistaren aurka Matxitxako batailan borrokatu zuen bakailao-ontzi artillatuko tripulazioari eta Eusko Itsas Gudarostearen gainerako kideei. Flota hori 1936ko urrian sortu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Haren helburua itsasoko trafikoa, arrantza babestea eta euskal uretatik minak kentzea zen. Horrela, Eusko Jaurlaritzak bere kostaldea eta biztanleak babesten zituen matxinatutako bandoaren erasoetatik.

Matxitxako Elkarteak antolatutako ekitaldian, Eneko Goia Donostiako alkateak, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak eta Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak hartu zuten parte. Baia Matxitxako Kultur Elkarteko kideek eta matxinatutako bandoaren erasoetatik babesteko itsasontzi bihurtutako bakailao-ontzia izan zenaren tripulatzaileen senitartekoak ere.

Enrique Lekuona itsas ingeniariak diseinatu du pieza, Juan Pardo ikertzaileak emandako ontziaren jatorrizko planoetan oinarrituta, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Eibarko Alfa Arte enpresan urtu da.

Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du.

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, eskultura “gure hiriak gure historia ez ahazteko duen borondatea islatzen duten hiri-elementuen bidez Donostian eraikitzen ari garen memoriaren maparen parte da”. Goiak adierazi duenez, Eusko Itsas Gudarosteak “rol heroikoa izan zuen Espainiako Gerra Zibilean, eta eskultura honen bidez gure historiaren orrialde eder eta tragiko hori idatzi zutenen oroimena eta izena ohoratu nahi ditugu”.

Matxitxako Elkartearen ordezkari gisa Oihane Pardok adierazi duenez, “garrantzitsua da bizipen horiek familia-inguruneetan transmititzea eta mugarri hauek gure memoria historikoan duten garrantzia azpimarratzea. Horietako bat da, hain zuzen ere, Gipuzkoa Bouaren eskultura hau, beharrezkoa baita Eusko Itsas Gudarostea osatu zuten kideek erakutsitako duintasuna gure hiri-inguruneetan ainguratuta geratzea”. Halaber, Matxitxako Elkarteko kide guztiek 25 urte hauetan zehar modu altruistan egindako jardueren ibilbidearen errepasoa egin du.

Informazio gehiago

Iruzkina egin

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

Testigantzarik edo dokumenturik gehitu dezakezu?

Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.

Harremana