Zer da DonostiaTEKA
DonostiaTEKA Donostia Kulturaren liburutegi digitala da. 2020ko azarotik dago abian. 2004an sortutako aurreko liburutegi digitala ordeztu zuen.
DonostiaTEKA dokumentu digitalen OAI-PMH gordailu bat da, eta haren helburua da Donostiako Udal Liburutegiak 1874an sortu zenetik gordetako bildumak antolatzea, gordetzea eta zabaltzea, sarbide irekiarekin.
Hasieratik, Udal Liburutegiak arreta berezia jarri zien tokiko funtsei, egunkariei eta aldizkariei barne. Haren bildumatik, nabarmendu beharra daude dohaintzak ere, bereziki Mandasko Dukearen Liburutegikoa eta, berriago bat, Asun Balzolaren (1942-2006) ilustrazio originalen funtsarena, 2007an jaso zena.
2004ko liburutegi digitala modernizatu egin da, beharrezko arau teknikoak bete ahal izateko eta gure bildumek ikusgarritasuna lor dezaten; izan ere, Euskarianak jasoko baititu, baita Hispanak ere, ondare digitalerako sarbideak, edukiak Europeanara txertatzen dituen estatuko eragileak.
Digitalizazio prozesua tokiko prentsa historikoarekin hasi zen. XIX. mendetik 1936ra arteko argitalpenak ziren. Horietako asko ikertzaileek sarritan eskatzen dituzten bilduma bakarrak dira.
2004ko lehen faseko izenburu gogoangarrienak izan ziren La Constancia, El Correo de Guipúzcoa, El Correo del Norte, Diario de San Sebastián, Diario Vasco, El Eco de San Sebastián, El Guipuzcoano, La Información, El Liberal Guipuzcoano, La Libertad eta abar.
Aldizkako 49 argitalpen horiek digitalizatzeaz gain, tokiko proiektuekin lotutako bilduma txikiak gaineratu zitzaizkion. Donostiako Martxaren partiturak, 1813ko abuztuaren 13ko Donostiaren suntsipenarekin lotutako sei nobela historiko eta Donostia Kulturako Festen Unitatearen Donostiako su artifizialen berrogei kartel digitalizatu ziren.
DonostiaTEKA zortzi bildumatan egituratuta dago . Bildumen barruan, azpibildumak daude. Adibidez, Afixak eta ilustrazioak izeneko bilduman, afixen azpibilduma dugu, eta, afixen barruan, Inauteriak, Euskal Jaiak, Su artifizalak, Estropadak eta Aste Nagusia.
Eskema hori liburutegi askok darabilten DSpace gordailu digitalak kudeatzeko tresnaren erabileran oinarrituta dago.
Digitalizatutako funtsek osatzen dute DonostiaTEKA, eta horiek Donostia Kulturarenak dira, Donostiako Udalaren mendeko enpresa entitate publikoarenak.
DonostiaTEKAren egitura soila da, eta oso bisuala. Hasierako orriko bideoan bertan dauden harribitxi bibliografikoetako batzuk ageri dira.
Zortzi bildumarekin hasi gara: Artikuluak; Afixak eta ilustrazioak; Argazkiak; Liburuak; Mapak eta planoak; Partiturak; Egunkariak; Aldizkariak.
Udal Liburutegia. Historia apur bat
Esan dugun moduan, DonostiaTEKAren hazia Udal Liburutegiaren bilduma da.
Donostiako lehen liburutegi publikoa oso ekimen goiztiar baten emaitza izan zen: 1844an bertan Sebastian Miñanok bere liburu bilduma eskaini zuen, dohaintza moduan. Miñanok, ordea, ezin izan zuen bere proiektua burututa ikusi, eta hogeita hamar urte beranduago, 1874an, inauguratu zen liburutegia, Andia kalean. Lehen zuzendaria Jose Lopez Aizpuru izan zen.
Haren ondorengoak, José Manterola Beldarrainek bultzada handia eman zion liburutegiari, berak Sección Especial Bascongada izendatu zuen atalarekin.
Beranduago, Ricardo Baroja, El Urumea egunkariko fundatzailea, izendatu zuten liburutegiko zuzendari.
Hura hildakoan, Antonio Arzak Alberdik ordezkatu zuen. Arzak liburuzainak liburutegiko lehen katalogo inprimatua egin zuen.
1910an, Francisco Lopez Alen zuzendari zela, liburutegia Arte eta Lanbide Eskolaren eraikinera mugitu zuten, egungo Urdaneta kaleko Correos eraikinera.
Praxedes Diego Altuna izan zen zuzendaria 1931ra arte, eta, aldi horretan, liburutegia Fermín Lasala Colladok, Mandasko dukeak, egindako dohaintzari esker aberastu zen. Dukeak 10.000 bolumen inguruko liburutegi bat zuen, Gazette Nationale, Le Moniteur Universel eta Revue des Deux Mondes bezalako aldizkariak zituena.
1932an, Rufino Mendiolaren zuzendaritzapean, liburutegia San Telmo domingotarren komentura mugitu zuten eta, azkenik, 1951n, Konstituzio plazako udaletxe zaharrera. Berrikuntzetako bat izan zen Haur Liburutegia sortzea. Rufino Mendiola izan zen liburutegiko zuzendari 1960ra arte.
Liburutegiak bere kontserbazio eta ikerketa izaerarekin jarraitu zuen, 1986ra arte, orduan sortu baitzen mailegu zerbitzua. Hurrengo urtean, 1987an, Okendo eta Casareseko kultur etxeetako liburutegiak ireki ziren.
1992an, Susana Soto Aranzadik ezarri zituen Donostia Kulturaren Udal Liburutegien Sarearen oinarriak. Sare horrek gaur egun Liburutegi Nagusi bat du, hiru eraikinetan kokatua: Haur Liburutegia Fermin Kalbeton kalean dago 1994tik;
Atal Nagusia Udaletxe azpian, Alderdi Ederreko lorategian, 1999tik; eta Konstituzio plazako eraikinean daude Liburutegi Zerbitzuko bulegoak eta Unitate Tekniko Zentrala, eskuratze eta katalogatze prozesua zentralizatzen duena.
Gaur egun, liburutegi sare gisa egiten da lan. Liburutegi Nagusia bat dago, hiru eraikinetan; 10 liburutegi, kultur etxeetan; lau liburutegi espezializatu eta erabilera bikoitzeko liburutegi bat, Arantzazuko Ama ikastetxean, Martutenen. Udan, Urgull eta Eguzkiteka.
Hemeroteka
Rufino Mendiolak hemeroteka bat sortzeko beharra ikusi zuen, liburutegiak egunkari eta aldizkari bilduma handia zuelako ordurako, gehienak tokikoak, XIX. mendearen amaierakoak.
Behin gerra karlistak amaitutakoan, euskal prentsa eta, batez ere, Gipuzkoakoa, nabarmen hazi zen. Ordura arte, argitalpenak urriak eta iraupen txikikoak izan ziren.
1810aren eta 1879aren artean 100 argitalpen daude jasota, horietako 72 mendearen azken laurdenean hasitakoak.
Aldizkariei dagokienez, Euskal Herria aipatu beharra dago, Jose Manterolak sortutakoa, 39 urtez argitaratua.
Kultur aldizkariei dagokienez, Julio Urquijo nabarmendu beharra dago, 1907an Revista Internacional de los Estudios Vascos (1907-1936) argitaratu baitzuen; baita Gregorio Mugika ere, bera hil ondoren argitaratzeari utzi zioten Euskal Esnalea eta Euskalerriaren Alde aldizkarien fundatzailea.
Tokiko funts hori eta Espainiako eta atzerriko aldizkari eta egunkarien beste bilduma handi bat oinarri hartuta sortu zen Hemeroteka. 1992an, haren garrantzia zela eta, katalogo inprimatua argitaratu zen, Arantxa Arzamendik egindakoa orduko zuzendari Eulalia San Agustin Barracaren gidaritzapean. Ordurako 433 argitalpen itxi eta 133 ireki genituen, eta egun hazten jarraitzen du, denetariko argitalpenekin: batetik ditugu interes orokorrekoak eta dibulgatiboak, eta, bestetik, aldizkari espezializatuak. Horrez gain, tokiko argitalpenak ere badaude.
Alderdi garrantzitsua da bildumak kontserbatzearena, askotan bakarrak baitira, eta etengabe kontsultatzen dituzte ikertzaileek eta herritarrek. Behar horri erantzuteko sortu da hemeroteka digitala, Interneten bidez Donostiako ondare bibliografikoa hurbildu nahi diena ez soilik ikertzaileei, baita herritar guztiei ere.
Beste bilduma eta proiektu batzuek jarraikortasuna emango diote DonostiaTEKAri, bilduma berriak digitalizatzeak lehentasuna baitu liburutegi zerbitzuan.