Ezkerreko Bannerrak Phone Hidden

Artikutza-Bisita gidatuak

Bisita gidatuak

Donostiako Udalak eskaintzen duen Artikutza Natura programa barruan daude bisitaldi horiek. Udalak enpresa bat kontratatu du, gidari lanak egiteko.

Bisitaldi gidatua egin nahi izanez gero, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen, bisita programatu bakoitzaren deskribapenean aurkitzen den izen-emate online formularioren bitartez edo beste bide hauen bitartez:

artikutzanatura@donostia.eus edo telefonoz 679 613 016 (astelehentik ostegunera, 11:00tik 16:00ra)

 

Bisita gidatu programatuak

Urte osoan zehar antolatzen dira bisita gidatuak, baina eguraldiaren araberako azken uneko aldaketak gerta daitezke. Hemen agertzen den programazioa hilean behin eguneratzen da.

TARIFAK:

  • 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
  • 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako.

Bertan ordaintzen da, eskudirutan.

 

PROGRAMAZIOA:

1. Enobietako presa eta ibaiaren inguruan 

  •  Data: urtarrilak 12
  • Hizkuntza: elebitan 
  • Luzera: 6 km inguru
  • Desnibela: 100 m.
  • Zailtasuna: erraza

Azalpenak

Artikutzako auzotik abiatuko gara Enobietako presa gainera igotzeko. Urtegia hustu eta presa kentzearen arrazoiak azalduko ditugu eta historian zehar inguruneak jasan dituen aldaketez jabetuko gara.

Urez estalita egondako eremuan sartuko gara eta ikusiko dugu ingurune berri honetaz zein espezie baliatzen diren. Urtegia zeharkatu ondoren, Artikutzara itzuliko gara.

Mapa

Izen-ematea

 

2. Altuetako gaina 

  • Data: urtarrilak 19 
  • Hizkuntza: elebitan 
  • Luzera: 12 km inguru
  • Desnibela: 430 metro
  • Zailtasuna: ertaina

Azalpenak

Artikutza auzotik abiatuta behera egingo dugu ibaiaren bideari jarraituz, Artikutzako ur guztiak ibai bakar batean elkartzen diren puntura iritsi arte, Añarbe ibaiaren hasiera puntua, hain zuzen ere. Handik Unalbide lepora igoko gara eta Artikutzako mendebaldeko mugan zehar Altuetara (655 metro) iritsiko gara.

Pagadi trinko eta ikusgarri batetik jaitsiko gara Goizaringo burdinolaren hondakineteraino, eta Elama ibaiaren ibilbideari jarraituz (Ibai Erreserba Naturala) Artikutzara itzuliko gara.

Mapa

Izen-ematea

Ohar orokorrak:

  • Irteerak 9:00etan hasiko dira.
  • Ibilbidearen arabera, Eskaseko parkinga edo Artikutzako auzoa izango dira elkarguneak.
  • Nahiz eta ibilbideek zailtasun teknikorik ez izan, komenigarria da mendirako zapata egokiak eta hotzerako arropa eramatea, eta horrez gain jateko zerbait ere bai.

Aholkuak:

  1. Ibilbide hauek ez daude gaitasun fisikoak hobetzeko prestatuak, naturak Artikutzan eskaintzen dizkigun aberastasunez jabetzeko baizik.
  2. Geldialdiak egingo dira ibilbidean zehar, ingurunea ezagutu, usaindu, ukitu, entzun eta paisaiaz gozatzeko, besteak beste; hamaiketakoa egiteko geldialdi teknikoa ahaztu gabe, noski!
  3. Ibilbide guztietarako mendiko botak eramatea gomendagarria da.    
  4. Zira edo txamarra eramatea aholkatzen dizuegu, mendian eguraldi aldaketak maiz gertatzen baitira. Eguraldi txarra dagoen kasuetarako, aldatzeko arropa eramatea ere gomendatzen da.
  5. Jateko eta edateko zerbait eramatea komenigarria da, auzoan kafe eta freskagarri makina besterik ez dago eta.
  6. Sortutako ZABOR GUZTIA biltzea eskatzen dizuegu mesedez, (fruta hondakinak eta azalak barne)
  7. Mendi bideak izan arren, ez dute zailtasun handirik, osasun arazorik ez badago behintzat. Aukeratu baino lehen begiratu ibilaldien deskribapen orrian luzera eta desnibela.
  8. Makilak edo bastoiak lagungarriak dira maldetan.

Neurrira antolaturiko bisitaldiak

Artikutza gida batez bisitatzea kontratatu dezakete 8 eta 25 lagun bitarteko taldeek.

Ibilaldiak Artikutzako historia, ezaugarriak eta natura bikaina ezagutzeko interesa duten taldeentzakoak dira. Familientzako bereziki diseinaturiko aukera bat dago.

Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke. Hartarako, gorago aipaturiko bidea erabilita, eguna, ordua eta baldintzak zehaztu beharra dago.

TARIFAK:
15 pertsona arteko taldeak: 62,79€ taldeko.
15. pertsonatik gora:

  • 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
  • 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako.