MintzaOn
Intereseko informazioa
Zer da MintzaOn?
Aisialdiko jarduera ludiko bat da, eta bi helburu nagusi ditu:
- Parte-hartzaileak gustura aritzea euskaraz eskolatik kanpo.
- Ahozko euskara lantzea, giro atseginean.
Hizkuntza-jokoekin eta estrategiekin jolasteaz gain, erronkak egiten dituzte, solasaldiak, musika eta gogoko dituzten bestelako gaiak partekatzen dituzte.
On line izaten da jarduera hau, eta eskola orduz kanpo (doan). Bakoitza bere etxean edo egoki irizten dion lekuan egoten da, eta parte-hartzaileak astean behin elkartzen dira 45 minutuz, 5-7 laguneko talde txikitan, dinamizatzaile batekin. Hala, ehunka gaztetxo dabiltza, MintzaOnen bidez taldeetan solasean.
Zergatik MintzaOn?
Kontuan hartu behar da, euskara bezalako hizkuntzen kasuan, bereziki garrantzitsua dela eskolatik kanpo erabiltzeko eta gustura ibiltzeko aukerak izatea.
MintzaOnek euskaraz aritzeko eta ahozkotasuna lantzeko aukera desberdin bat ematen die parte-hartzaileei, eta, jolasen bidez, ahozko konpetentzia komunikatiboak lantzen dituzte. Gainera, pantailetan ibiliko badira, garrantzitsua da euskaraz ere aritu daitezkeela ohartzea.
Zer lortzen dute parte-hartzaileek?
Ongi pasatzearekin eta ahozkotasuna indartzearekin batera, Donostiako beste neska-mutil batzuk ezagutzen dituzte taldeetan, hasieratik euskara harreman-hizkuntza hartuta.
Bestetik, euskarak lekua hartzen du pantailetan eta eremu digitalean, eta gazteek euskara erabiltzen dela ikus dezakete, jarrera aktiboarekin; izan ere, komunikatzeko eta sozializatzeko gaitasunak elikatzen dituzte.
Kasu batzuetan gainera, etxean euskara erabiltzen ez denean, hizkuntza etxean sartzeko modu bat ere bilakatzen da Mintzaon; izan ere, gurasoek lagundu ohi diete neska-mutilei MintzaOn saioen hasieran konektatzen, eta taldekideek euskaraz hizketan jarraitzen dute, konektatu ondoren.
Parte-hartzeko adinak eta taldeak
- MintzaOn adina: LH 3, 4, 5, 6
- MintzaOn+: DBH 1, 2
Adierazi bezala, talde txikiak eratzen dira, eta, taldeak osatzeko, kontuan hartzen dira adina eta izena ematean aukeratzen den ordutegia. Berriketan eta hizkuntza-jolasetan aritzeko jarduera denez, euskaraz jakin behar da parte hartzeko.
Plazak mugatuak dira; zozkatu egiten dira, behar izenez gero; eta lehentasuna izaten dute Donostian erroldatutakoek.
Noiz izango da MintzaOn?
Izen ematea
- Datak eta izena emateko gunea hemen adieraziko dira iraila hasterako.
- Haurraren errolda-helbidea eman behar da.
- Zalantzetarako: mintzaon@ebete.eus, edo 617 294 582 (whatsapp bidez, deirik ez da hartuko).
- Tokiak eta taldeak baieztatzeko epea jarriko dugu (edo zozketan plaza ez dela egokitu esateko epea).
Guraso bilera
Jarduera honi buruz gehiago jakin nahi baduzu, Irailean legezko arduradunen bilera deituko dugu (amak, aitak, beste arduradunak)
MintzaOn nolakoa den azalduko dizuegu, zer-nolako esperientzia izan dugun orain arte; eta gurasoek nola parte har dezaketen.
20 minutu inguruko bilera bat egingo dugu.
Irailean argitaratuko ditugu datak, eta bileran izena emateko modua.