Breadcrumb
Eraikinen birgaikuntza
Eraikinak birgaitzea
Hamaika arrazoi daude geure etxebizitzak berritzeko edota birgaitzeko; arrazoiak norbanakoenak zein kolektiboak izan daitezke, baina, oro har, hauek dira jabe bat edo auzokideen komunitate bat etxebizitza birgaitzera bultzatzen dituen bi arrazoi nagusiak:
- Arrazoi estetikoak eta segurtasun-arrazoiak (zikinkeria, zartatuak, materiala bide publikora erortzea...)
- Arrazoi funtzionalak (irisgarritasun txarra, itoginak, zaharkitutako instalazioak edo matxurak...)
Hala ere, beste bi arrazoiak osatzen dituen hirugarren arrazoi bat ere badago: energia-eraginkortasuna.
Eraikinak energia eraginkortasun irizpideekin birgaitzearen abantailak
- Etxebizitzen erosotasuna hobetzea (tenperatura, aire korronteak, hezetasunak, zarata...).
- Ingurumena babestea: klima aldaketa da ingurumenari dagokionez aurrean dugun arazorik larrienetako bat. Klima aldaketa atmosferan zenbait gas pilatzearen ondorioz sortzen den negutegi efektua izenekoaren emaitza da. Gas horietako bat CO2 da, eta hori erregai fosilak erretzean askatzen da. Aldi berean, galdarek isurtzen dituzten errekuntza gasek hirietako airea kutsatzen dute.
- Dirua aurreztea: ondo isolatutako eraikin batek energia gutxiago kontsumitzen du eta, ondorioz, berokuntzaren gastuak nabarmen murrizten dira.
- Higiezinaren balioa areagotzea. Birgaitze-lanak zenbat eta osoagoak izan, balioa orduan eta gehiago areagotuko da. Gaur egun, erregaiak garestiak dira; horregatik, prezioan gero eta alde handiagoa egongo da energiari dagokionez eraginkorrak diren eraikinen eta ez direnen artean. Eraikinek energia-kalifikazioa dute, eta informazio hori beharrezkoa da etxebizitzak saltzeko edo alokatzeko.
Energia eraginkortasuna hobetzeko birgaitze lanak egiteko unerik onena hau da: auzokideen edo jabekideen erkidego batek fatxadak, estalkia edo leihoak, hau da, eraikinaren inguratzailea, birgaitzea erabakitzen duen unea. Alde batetik, birgaitzea ikuspegi tekniko integral batetik egiteko aukera ematen du eta, bestetik, energiaren "plus" horrek eragindako kostuak birgaitzearen beste alderdi batzuekin (aldamioak, fatxaden estetika eta bertako esku-hartzea...) partekatzeko aukera ematen du. Horri esker, energian egindako inbertsioaren prezioa ez da hain altua izango. Aukera hori aprobetxatzen ez bada, zure eraikina hurrengo 20-30 urteetan txarto isolatuta egongo da, eta baliteke urte gutxira berriz ere obrak egin behar izatea.
Udal ordenantza
Eraikuntzari eta instalazio termikoei aplika dakiekeen Estatuko araudiaz gain (EKT, RITE), 2009az geroztik Donostian Eraikinen Energia Eraginkortasunari eta Ingurumen Kalitateari buruzko Udal Ordenantza aplikatu behar da.
Indarrean sartu zenetik 11 urte baino gehiago igaro ondoren, 2021eko otsailaren 8an, Udal Batzarrak Eraikuntzako Eraginkortasun Energetikoari buruzko Udal Ordenantza berri bat onartu zuen. 2009ko ordenantza indargabetzen duen udal-arau berria egungo arau-testuingurura eguneratu da. Horrela, udalerrian eraikitako eraikinetan energia-efizientzia handia sustatu nahi du, bai eraikin berrietan, bai lehendik daudenetan.
Etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko udal laguntzak
ETXEGINTZA Udal Sozietatearen helburuetako bat etxebizitzak eta eraikinak birgaitzea da. Bere webgunean eraikinak birgaitzeko izapide eta prozesuei buruzko informazioa aurki daiteke, baita eskura daitezkeen diru-laguntzei buruzkoa ere.