Breadcrumb
Aiako Harria
Aiako Harria
Aiako Harriak balio handiko hainbat elementu natural ditu, eta, horregatik, legezko bi ingurumen izendapen hauek ditu:
- Euskal Herriko Espazio Natural Babestuen Sarearen Parke Naturala
- Europako Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua
Aiako Harria eremu babestua Gipuzkoako ekialdean dago, eta Urumea ibaitik Bidasorainoko esparrua hartzen du; hegoaldean, Nafarroako Foru Komunitatearekin egiten du muga. Guztira 6.806 Ha da, eta bost udalerri hauen lurraldeak hartzen ditu: Irun, Oiartzun, Errenteria, Hernani eta Donostia.
Donostiako udal barrutiko parkea eta kontserbazio bereziko eremua Oberan-Errekabeltz enklabeari dagozkio, eta 213 Ha da denera (parke osoaren %3a). Beraz, bost udalerrietatik, Donostiak du azalerarik txikiena eremu babestu honetan.
Enklabe hori guztia udalarena da, eta, garai hartako joerari jarraituz, aurreko mendearen erdian hainbat zur-sail egin ziren Oberan mendian; gehienak espezie aloktonoekin (pinuak, zipresak, haritz amerikarra...), eta, adinera iritsi ahala, bota egin dira. Gaur egun, haritz amerikarreko gainazal batzuk eta pinu batzuk baino ez dira geratzen.
Baso kudeaketa iraunkorraren printzipioak eta indarrean dauden ingurumen programa eta estrategiak jarraituz, azken urteotan kudeaketa aktiboa egiten hasi da Udala baso autoktonoa berreskuratzeko, eta lehentasuna eman zaio biodibertsitatea sustatzeari eta babesteari, beste irizpide ekonomiko batzuen aldean (zur ustiapena). Horren bidez, Añarbeko baso mistoari (pagadia-hariztia) jarraipena eman nahi zaio, kontserbazio egoera ezin hobean baitago Errenteriako eta Errekabeltzen (Donostia) inguruko lurretan, eta Oberanen ere jar daiteke.
Jarduera horrek lehentasuna du; izan ere, udal titulartasuneko lurrak dira, eta udal araudia eta konpromisoak bete behar dituzte, bai eta Europako eta Euskadiko araudia ere, eremu babestuei dagokienez; izan ere, Aiako Harriko parke naturalaren eta KBEren barruan dago, eta bere kudeaketa planak ditu.
Añarbeko baso horri dagokionez, bai Errenteriako Udalak bai Donostiakoak hainbat aldiz eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari baso multzo horretarako erreserba eremu izendatzea, haren balioa hain handia delako, parke naturalen barruan legez dauden kategorien barruan babes handiena merezi duelako.
Aiako Harriak dituen elementu azpimarragarrienak honako hauek dira:
- Habitatak:
- baso autoktonoak (pagadiak eta hariztiak)
- errekastoak-haltzadiak, eta halakoei lotutako fauna eta flora
- sastrakadiak-larreak, eta halakoei lotutako flora
- komunitate hidroturbosoak
- Espezieak: Aiako Harrian 53 fauna eta flora espezie daude babestuta, eta horien artean okil beltza (Drycopus martius) eta koleoptero saproxilikoak dira azpimarragarrienak.
Dokumentu eta esteka interesgarriak
- 241/1995 Dekretua, apirilaren 11koa, Aiako-harria aldea parke natural deklaratzen duena.
- 240/1995 Dekretua, apirilaren 11koa, Aiako-harria aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onartzen duena.
- 87/2002 Dekretua, apirilaren 16koa, Aiako Harriko Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Eraentzailearen zati arautzailea onartzen duena.
- 355/2013 Dekretua, ekainaren 4koa, Aiako Harria Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2120016), eta eremu horren kontserbazio-neurriak onartzen dituena.
- KBEren fitxa deskribatzailea
- KBEren fitxa ofiziala
- Aiako Harriaren LIFE
- Añarberi buruzko liburuxka