Ulía

Medio Ambiente - Ingurumena irudia

Ulia

Ulia mendia balio naturalistiko handiko tokia da, batez ere haren iparraldea, itsasora ematen duen aldea, batetik, gazitasun handia duelako eta ozeanoko haizeak jotzen duelako han, eta, bestetik, mendiko zoru silizeoak osaera berezia duelako.

Horren ondorioz, hainbat habitat sortu dira, bereziak izateagatik interes handikoak direnak: hala nola kostaldeko itsaslabarrak eta ezaugarri horien mendekoak diren espezieak.

Horiek hala direla, kostaldea babestua dago Europako Natura 2000 sarean, Kontserbatzio Bereziko Eremu gisa, eta mendi osoa ere Hiri Antolamendurako Plan Nagusiak babestua dago, nahiz eta oraindik onartzeko dagoen eremu horretako arauak eta erabilerak zehaztuko dituen Plan Berezia.


Ulia mendiko habitat aipagarrienak honako hauek dira:

  • Kostaldeko itsaslabarrak eta txilardiak: Kontserbazio Bereziko Eremu gisa (KBE, ES2120014, Ulia) eta Interes Naturalistiko Eremu gisa (INE) daude sailkatuta, Lurraldea Antolatzeko Gidalerroen (LAG) arabera.
  • Barrakaldeko ameztia: 12 hektareako basoa da, oso gaztea, berritze fasean dagoena, eta tamaina handiko hainbat ale ditu, intereseko espezieentzako habitat izan daitezkeenak.
  • Txilardi-otadiak: Uliako parte handi bat hartzen dute.
  • Hegoaldeko hariztiak: zatikatuta daude, baina interes handi samarreko ale helduak dituzte, eta ale helduen eremuak ere badira, zuhaizti natural gazteen eta ordezkatze etapan dauden zuhaitzen artean.
  • Kutraiako iturria: hezegune artifiziala, garai bateko ikuztegia, anfibio espezie interesgarriak dituena.
  • Mendiolako hareharri azaleratzeak: Uliako ipar-ekialdean daude, eta baldintza egokiak dituzte narrasti interesgarri batzuk izateko.
  • Manteo-Ategorrietako zuhaiztia: mosaiko zatikatua, baso misto hostoerorkorrekoa, ornogabe mota ugari hartzeko ahalmen handia duena.


Bertan dauden espezie faunistikoen artean, honako hauek dira esanguratsuenak:

  1. Ornogabeak: Kaprikornio handia (Cerambyx cerdo) eta arkanbelea (Lucanus cervus).
  2. Herpetoak (anfibioak eta narrastiak): uhandre palmatua (Lissotriton helveticus), txantxiku arrunta (Alytes obstetricans), zirauna (Anguis fragilis), musker berdea (Lacerta bilineata), horma-sugandila (Podarcis muralis), sugandila arrea (Podarcis liolepis) (lehen sugandila iberiarra, Podarcis hispanicus), suge leuna (Coronella sp.).
  3. Hegaztiak: Ulian, 130 hegazti espezie erregistratu dira; horien artetik 30, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan ageri dira. Nabarmenenak: miru gorria (Milvus milvus), itsas enara beltza (Chlidonias niger), ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis), txirritxo txikia (Charadrius dubius), argi-oilarra (Upupa epops), uhalde-enara (Riparia riparia) eta buztangorri argia (Phoenicurus phoenicurus), belatz handia (Falco peregrinus), kaio iluna (Larus fuscus); horrez gain, kaio hankahorien hiru kolonia ere badira, lekurik helezinenetan.
  4. Ugaztunak: basasagua (Apodemus sylvaticus), triku arrunta (Erinaceus europaeus), lepazuria (Martes foina), erbinudea (Mustela nivalis), etxe-katua (Felis catus), eta saguzarren artean, arrunta (Pipistrellus pipistrellus), Kuhl pipistreloa (Pipistrellus kuhlii) eta baratze-saguzarra (Eptesicus serotinus).


Landareen artean, kostaldeko lerroan jaiotzen diren espezie mehatxatu hauek azpimarratu behar dira: Armeria euscadiensis eta Narcissus pseudonarcissus subsp. pallidiflorus.


Gogoan izan behar dugu, bestalde, Ulia mendia oso gertu dagoela hiritik, eta, horregatik, herritarrek beti jo izan dutela hara aisialdian, batez ere han den atsedenlekura, ekipamenduz hornitua baitago: aparkalekua, aterpetxea, taberna, piknikguneak...

 

Dokumentu interesgarriak

 

Irudi galeria

ULIA karrousela