Artikutza
Jarduerak
Bisita gidatuak
Abisua
Bisita gidatu programatuak
Tarifak
- 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
- 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako.
Bertan ordaintzen da, eskudirutan.
Programazioa
1- Altuetako gaina
- Data: urriak 4
- Hizkuntza: elebitan
- Luzera: 12 km. inguru
- Gainbehera: 437 m
- Zailtasuna: ertaina
Artikutza auzotik abiatuta, behera egingo dugu ibaiaren bideari jarraituz, Artikutzako ur guztiak ibai bakar batean elkartzen diren puntura iritsi arte. Hain zuzen, Añarbe ibaiaren hasiera puntura. Handik Unalbide lepora igoko gara eta Artikutzako mendebaldeko mugan zehar Altuetara (655 m) iritsiko gara. Mugan zehar, 1.815. urtean, Anizlarrea bitan zatitzea erabaki zuen akordioaren mugarriak ikusteko aukera izango dugu.
Pagadi trinko eta ikusgarri batetik jaitsiko gara Gozaringo burdinolaren hondakinetaraino, eta Elama ibaiaren ibilbideari jarraituz (Ibai Erreserba Naturala) Artikutzara itzuliko gara.

2- Urdallue
- Data: urriak 11
- Hizkuntza: elebitan
- Luzera: 6 km. inguru
- Gainbehera: 350 m
- Zailtasuna: ertaina
Uneoro basopean egiten den bidea da. Artikutzako basoei, biodibertsitateari eta historiari buruzko azalpenak emango ditugu bidean zehar. Artikutzako auzotik hasi eta Urdallueko burdinola zaharrera abiatuko gara pagadi ilunetik zehar, ur gardenetako zenbait errekasto eta iturburu zeharkatuz. Itzulera eguteratik egingo dugu, harizti eta pinadien artean.

3- Artikutzara autobusez
- Data: urriak 18
- Hizkuntza: elebitan
Txango honetan, Artikutza ezagutzeko aukera eskaini nahi diegu auto propiorik ez duten pertsonei, eta, horretarako, Donostia – Artikutza – Donostia ibilbidea egingo duen autobusa jarriko da bertara joan nahi dutenen eskura.
Behin Artikutzako herrixkara iritsita, ibilaldi erraz eta laburra egingo da, lekuaren historia eta babesa eragin duten elementu natural garrantzitsuenak ezagutarazteko. Irteera Donostiatik 09:00ak aldera izango da eta itzulerako ordua 14:00ak aldera. Irteerako eta helmugako ordu zehatzak eta lekua aurrerago zehaztuko dira.

Aholkuak:
- Ibilbide hauek ez daude gaitasun fisikoak hobetzeko prestatuak, naturak Artikutzan eskaintzen dizkigun aberastasunez jabetzeko baizik.
- Geldialdiak egingo dira ibilbidean zehar, ingurunea ezagutu, usaindu, ukitu, entzun eta paisaiaz gozatzeko, besteak beste; hamaiketakoa egiteko geldialdi teknikoa ahaztu gabe, noski!
- Ibilbide guztietarako mendiko botak eramatea gomendagarria da.
- Zira edo txamarra eramatea aholkatzen dizuegu, mendian eguraldi aldaketak maiz gertatzen baitira. Eguraldi txarra dagoen kasuetarako, aldatzeko arropa eramatea ere gomendatzen da.
- Jateko eta edateko zerbait eramatea komenigarria da, auzoan kafe eta freskagarri makina besterik ez dago eta.
- Sortutako ZABOR GUZTIA biltzea eskatzen dizuegu mesedez, (fruta hondakinak eta azalak barne)
- Mendi bideak izan arren, ez dute zailtasun handirik, osasun arazorik ez badago behintzat. Aukeratu baino lehen begiratu ibilaldien deskribapen orrian luzera eta desnibela.
- Makilak edo bastoiak lagungarriak dira maldetan.
Neurrira antolaturiko bisitaldiak
Artikutza gida batez bisitatzea kontratatu dezakete 8 eta 25 lagun bitarteko taldeek.
Ibilaldiak Artikutzako historia, ezaugarriak eta natura bikaina ezagutzeko interesa duten taldeentzakoak dira. Familientzako bereziki diseinaturiko aukera bat dago.
Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke. Hartarako, gorago aipaturiko bidea erabilita, eguna, ordua eta baldintzak zehaztu beharra dago.
Tarifak:
- 15 pertsona arteko taldeak: 62,79€ taldeko.
- 15. pertsonatik gora:
- 6-16 urte bitartekoak: 2,09€ pertsonako.
- 16 urtetik gorakoak: 3,14€ pertsonako
Bisitak autogidatuak
Segidan, labur azalduta daude Artikutza zeharkatzen duten balizadun 4 ibilbideak, etxaldeko toki nagusietatik ibiltzeko, galdu gabe.
Gainera, wikiloc kontu honetan, Artikutzako hainbat bide kontsultatu daitezke.
ESKAS – ARTIKUTZA AUZOA (Burdinide zaharreko eta Elizmendiko bidea) (PR-Na 124):
- Luzera: 11 km.
- Malda: 335 m.
- Abiadura: Eskas (aparkalekua).
- Zaitasuna: Ertaina. Mendi ibilbidea.
- Elizmendiko bidean behera, alde hartan aspaldiko biztanleek leku hartan utzitako arrastoak ikusten dira: Eskaspeko cromlecha, ikatz plataformak, pago lepatu zaharrak, haustarri bat… Ur garbi-garbiko errekastoek zeharkatzen dute ibilbidea, eta Erroiarri ur jauzia ere ikusten da. Artikutza auzoan atsedendu ondoren, bideari berriro ekin dakioke, Eskaserantz, burdinbide zaharraren bidetik, pagadi eta hariztien artean, ikuspegi eder-eder batez gozatzera.

URTEGIKO BIRA:
- Luzera: 6,5 km.
- Malda: 70 m.
- Abiadura: Artikutza auzoa.
- Zailtasuna: Txikia. Pista. Bizikletan edo umeekin egiteko egokia.
- Enobietako urtegia zenaren inguruko pistari esker, era erosoan ikus daiteke Artikutza auzoaren ingurua. Presaren gainetik, urtegiak estaltzen zuen eremua ikusiko duzu, eta 65 urtetan zehar urez estalita egon den lekua naturaren indarrak nola berreskuratzen duen ikus ahal izango duzu. Bertako zuhaitzak eta exotikoak, goroldioz eta likenez beteak, ibilbide osoan zehar nahasirik, ia maldarik gabe, abiabururaino berriro helduko zara.

BURDINOLETAKO BIDEA:
- Luzera: 10 km.
- Malda: 410 m.
- Abiadura: Arriurdiñeta.
- Zailtasuna: Ertaina. Mendi ibilbidea.
- Ibilbide hau Artikutzatik kanpo hasten da eta pista eta bideetatik barneratuz, haritz eta pago baso ederrak, bi burdinola hidraulikoen arrastoak, burdin minerala kiskaltzeko labea eta karobia erakusten ditu. Ur-emari handiena duen Arikutzako ibaiaren soinua izango duzu bidelagun ia ibilbide osoan zehar.

Ikasleentzako bisitak
ARTIKUTZAKO NATUR ESKOLA Donostiako Udalak sustatutako ingurumen hezkuntzako programa da. Programa honek bertako natura-balioen eta ondare historikoaren bidez, Artikutza ezagutzeko aukera eskaintzen die Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilerreko ikastetxeei.
Ingurumen hezitzaileek aire librean eta naturarekin kontaktuan gidatutako jardueren bidez, egun bateko edo biko programak eskaintzen dira.
Natura 2000 Sareko gune honetan egin daitezkeen jardueren eskaintza osatzeko, Artikutzak baditu beste baliabide batzuk ere, hala nola Beko-etxeko natur gela eta aterpetxea.
Hezkuntza programa
Artikutzako Natur Eskolaren helburua da, Heziberriren curriculumari lotutako programak eskaintzea, erabat parte hartzaileak, bizipenezkoak, eta ikaslea erdigunean dutenak. Programa honen nahia ere bada ikasleak naturarekin harremanetan jartzea, naturarekiko interesa sortzea, eta natura eta kultura-ondarea behatzeko eta balioesteko tresnak eskainiz, inguruneaz gozatu eta hura errespetatzen eta zaintzen ikastea.
- HH eta LH 1 eta 2-ko ikasleekin, natura sentitzea eta zentzumen ezberdinekin jasotzea izango da helburua, naturan murgildu eta barneratzea.
- LH 3, 4, 5 eta 6koek Artikutza hainbat bizidunen bizileku gisa ulertu, eta basoak “kontatzen” diguna jasotzea izango dute helburu.
- DBHko ikasleek Escape forest gisako jokoan parte hartuko dute, eta bertan, hainbat azterketa eta behaketaren bidez, hezitzaileek ibilbidean zehar planteatutako igarkizunak eta erronkak gainditu beharko dituzte. Erronka: gure basoak salbatzea eta, horrekin batera, klima-aldaketara egokitzen laguntzea, horixe baita aurrean dugun arazo nagusietako bat.
- Batxilerreko taldeekin, metodo zientifikoan oinarritutako programa eramango da aurrera, gizakiak naturan eta paisaian duen eragina eta natur guneen kudeaketa landuz. GIHen 15. helburua lortzeko plangintza hauek duten garrantzia eta jarduteko modua ezagutzen lagunduz.
Informazio gehigarria
- Aterpetxea
- Prezioa:
- Egun bateko programa: 4,19 € ikasle bakoitzeko.
- Bi eguneko programa (ostatua eta gosaria barne): 10,98 € ikasle bakoitzeko.
- Informazio gehiago eta izen-ematea: 690 720 264 telefonora deituz (astelehenetik ostiralera, 08:00-15:00) edo artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatziz.
Oharrak
- Errepidearen ezaugarriak direla eta, ezin dira 40 plaza baino gehiagoko autobusak sartu.
- Programak gehienez ere gela bat osatzen duten taldeekin gauzatuko dira (gehienez 30 ikasle).
- Artikutza oso eremu euritsua da, eta hiriko tenperatura baino freskoagoak ditu. Mendian ibiltzeko oinetako eta arropa egokiak eta euritarako aproposak eramatea gomendatzen da.
- Artikutzan ezin da ez janaririk ez edaririk erosi (bi vending makina eta auzoko iturria izan ezik)
- Ibilbidean zehar sortutako janari-hondakin eta hondakin guztiak bildu behar dira; beraz, poltsa edo ontzi bat eramatea gomendatzen da horiek jasotzeko eta, ondoren, leku egokian uzteko.
- Oinez ibiltzeko prestatutako bidexkak erabiliko ditugu, ingurunean gure eragina ahalik eta gutxiena izan dadin.



Nola iritsi
- Motordun ibilgailuan sartzeko baimena:
- Goizuetatik sartzeko baimena eskatzeko:
- Argibide gehiago: