Breadcrumb
Paisaia
Paisaia
2000. urtean, Paisaiaren Europako Hitzarmena sinatu zuen Europako Kontseiluak Florentzian, eta, geroago, 2009an, hitzarmen horri atxikitzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak.
Paisaiaz honako hau dela esan daiteke: «Lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natura edota giza faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza baita». Eta, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren atarikoan esaten den bezala, kontu garrantzitsua da kulturaren, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren esparruetan, «Europako natura eta kultura ondarearen funtsezko osagaia (...), gizakien ongizatea eta europar identitatea bermatzeko mesedegarria» delako, hiriguneetan bezala landaguneetan ere, aipatuak eremu degradatuak izan zein kalitate handikoak.
Paisaia lurraldea antolatzeko politiketan jasotzea da aipatu hitzarmenarekin bat egitearen ondoriozko konpromisoetako bat. Hartara, EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan jasota dago paisaiaren aldetik tratamendu berezia izan behar duten ikuspen eremuak katalogatzeko beharra, bai eta paisaiak une horretan duen moldea hausten duen edozein obra edo jardun egin ahal izateko paisaiaren azterlana aurkezteko betebeharra ere.
Donostiako egungo Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean (HAPO) paisaia aztertu egiten da eta oro har kalitate onekoa dela esaten, baina onartzen da balio txikiagoko paisaia gune edo elementu batzuk daudela, batez ere hiri inguruak, industria inguruak eta landa inguruak elkartzen diren lekuetan. HAPOn, besteak beste, C.6 "Paisaia Babeseko Eremuak" gainjarritako baldintzapena jasotzen da paisaia arloko kontuei lotutako eremuetarako.
Gogoeta horien guztien garapen moduan, 2016an, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoarekin, paisaiaren diagnostikoa eta ekintza plana egin zen Lau Haizeta ingururako. Hiri inguruko eremu hori, hiri ingurunearen eta landa ingurunearen artean kokatuta dagoelako, eta jasaten duen hirigintza presio handiaren ondorioz, paisaian balio handiko elementu askorekin batera nabarmen degradatuta dauden elementuak dituen "birika berdearen" adibide ona da. Toponimoak berak adierazi bezala, Lau Haizetako parkeak eremu funtzionalaren zati handi baten gaineko bista bikainak ditu, eta zenbait talaiatatik Jaizkibel, Urumea eta Oiartzungo korridoreak ikus daitezke; gainera, ikusgai dago bere eremuaren zati handi batetik. Horren guztiaren ondorioz, Donostiako paisaia erreferenteetako bat da.