37. Gazteen Antzerki Topaketaren sariak banatu dira
14 eta 30 urte bitarteko 182 gaztek parte hartu dute
Publicado el 06/10/2027
Donostiako 37. Gazteen Antzerki Topaketetako sariak larunbatean banatu ziren Victoria Eugenia antzokian egindako ekitaldian.
Maiatzaren 20tik ekainaren 18ra bitartean, 18 antzezlan eskaini dira hiriko hainbat agertokitan, 37. Gazteen Antzerki Topaketaren barruan. Emanaldiak Kontadores Gazte Zentroan, Gazteszenan (Egia), Imanol Larzabal aretoan (Lugaritz), Antzoki Zaharrean, Intxaurrondo Kultur Etxean eta Victoria Eugeniako Club aretoan izan dira. Topaketa Donostia Kulturaren laguntzarekin eta lankidetzarekin gauzatu da.
Parte-hartzaileak 2 kategoriatan banatu dira adinaren arabera: junior mailan 14 eta 18 urte bitarteko gazteak lehiatu dira; eta senior kategorian, berriz, 18 eta 30 urte arteko parte-hartzaileak.
Aurtengo edizioko epaimahaia Garazi Urkola, Maialen Sorzabalbere eta Aiora Enparantza aktoreek osatu dute.
Emandako sariak honako hauek izan dira:
Junior kategorian ( 14 -18 urte)
- Obrarik onena: “Kasting-a” ZURRIOLA ANTZERKI ESKOLA
- Talde artistikorik onena: “Maitasuna” Oiartzungo Antzerki Taldea
- Taularatze onena: “Romeo eta Julieta” BADIA ESKOLA-PANTALAN
- Aipamen berezia: “Antartika” ERRENTERIAKO HERRI ARTE ESKOLA
Senior kategoria ( 18 -30 urte)
- Obrarik onena: “Martin, izarrak buruan eta eseri munduan” ZURRIOLA ANTZERKI ESKOLA
- Talde artistikorik onena: “Heridas abiertas” M.A StudioLab
- Taularatze onena: “Ñam-ñam: Jatetxeen gerra hotza” ERRENTERIAKO HERRI ARTE ESKOLA
Sariei dagokienez, antzezlan onenaren saria eskuratu duten taldeek euren lana berriz ere taularatzeko aukera izango dute. Horrez gain, saridun guztiek hiriko antzerki programazioaz gozatzeko hainbat sarrera jasoko dituzte.
Bestalde, kategoria bakoitzean saritutako taldeetako kide guztiek prestakuntza espezializatua jasotzeko aukera izango dute, beren ibilbide artistikoa eta eszenikoak garatzen laguntzeko.
Sari-banaketa ekitaldia Maria Blancok eta Malen Altunak aurkeztu zuten. Biek umorez beteriko hainbat pasarte eskaini zituzten ekitaldian zehar, eta horri esker giro atsegina sortu zuten bertaratutako ikusleen artean.