Breadcrumb
Eduki publikatzailea
2018ko berotegi-efektuko gasen udal-inbentarioa
2018an isurketak %0,7 murriztu dira
Gizakiak ingurumenari egiten dion presioa biderkatu egin da azkeneko hamarkada hauetan, eta narriadura etengabeko bat eragiten dio. Narriadura hori linealki islatzen da, oro har, eta, ondorioz, iruditzen zaigu beti izango dugula denbora zulora erori baino lehen gelditzeko. Hala ere, ingurumenaren narriadurak nabarmen handitzen du bat-bateko aldaketak izateko arriskua; gaur egun daukagun larrialdi hau bera, konparazio baterako.
Dena den, orain 20 urte ere iragarri zuen Nazio Batuen Erakundeak aldaketa ez-linealen arriskua handitu egingo zela. Hala zioen Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioari buruzko txostenean; pandemia handiak izango zirela animalia basatien haragi-salerosketaren eta nazioarteko bidaien handitze izugarriaren ondorioz.
Martxoan, osasun larrialdi bete-betean ginela, hiria klima larrialdian zela aldarri egin zuen Donostiako Udalak, hartarako onartutako adierazpen ofizial baten bidez. Hala ere, klima aldaketarenak une honetan bigarren mailan egon beharko lukeela pentsatzea akats handia izango litzateke. Izan ere, klima aldaketaren ondorioak Covi-19arenak bezain gogorrak izan daitezke, nahiz eta beste denbora-eskala batean izango liratekeen.
Alde horretatik, klima larrialdia aldarrikatzeak esan nahi du klima aldaketaren arazoa arazo larria dela onartu eta arazo hori konpontzeko ahal den guztia egiteko konpromisoa hartu behar dugula. Hiriak horretarako duen lan-plana Klima 2050 Ekintza Plana da, eta planak aurrera egiten duen ikusten duen tresnetako bat berotegi-efektuko gasen inbentarioa. 2005az geroztik ari da egiten inbentario hori gure Udala, Udalsarea 2030 Iraunkortasunerako Euskal Udalerrien Sarearen tresna erabilita.
Datuak lortzea oso zaila izaten da, ordea, eta urtebete baino gehixeago atzeratzen da inbentarioa osatzea; eta, hori dela eta, 2018ko inbentarioa da orain aurkeztu duguna.
2018ko emisioak
Industriak botatakoak kontuan hartu gabe, 850 kilotona CO2 baliokide (CO2e) isuri ziren gure hirian 2018an; 4,6 tona CO2e biztanle bakoitzeko.
Donostian isuritako berotegi-efektuko gasen erdia baino gehiago (% 56,9) garraioarenak dira. Zerbitzuen sektoreak eta etxebizitzarenak antzeko pisua dute biek (% 17,9 eta % 17,4, hurrenez hurren). Udalerriko hondakinen kudeaketak emisio guztien % 7,3 sortzen du, eta lehen sektorea ez da % 1era iristen.
Emisioen bilakaera murrizketa-helburuekiko
2018ko emisioak, aurreko urtearen aldean, % 0,7 jaitsi ziren, hau da, erdia, linealki joanda 2020ko emisioak 2007koaren aldean % 20 murrizteko izan behar denarena. Bestalde, murrizketa hori urrun dago 2017an izan zen ia % 6ko igoera konpentsatzetik.
Ikusten den alderdi on bat da garraioaren emisioak egonkortu egin direla, 2013tik 2017ra bitartean etengabe handitu ondoren.
Ikusi txosten osa hemen.
Eta orain, zer?
Osasun larrialdiak moteldu egin du gizakiaren jarduera guztia, eta horrek nabarmen eragin dio motordun garraioari. Esate baterako, Donostian konfinamendu zorrotzena izan den asteetan, baita % 80 ere murriztu da garraioa. Hirian berotegi-efektua eragiten duten gasen % 57 zirkulaziokoa denez, 2020ko inbentarioan izango duen eragina dezentea eta ona izango da, eta gehiago gerturatuko gaitu ditugun helburuak betetzera.
Hala ere, Covi-19ak eragindako larrialdiaren ondoren ekonomia sustatzeko neurriek kalte izan dezakete, ingurumenari nola eragingo dioten kontuan hartzen ez bada. Beraz, lan egin beharko dugu normaltasunera itzultzea larrialdi honetara nolabait ekarri gaituen egoera berera itzultzea ez izateko.