Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Berotegi efektuko gasen isuriek behera egin zuten 2021ean
Egindako isurien inbentarioaren arabera
2005. urteaz geroztik, Udaleko Ingurumen Sailak udalerriko berotegi efektuko gasen inbentarioa (BEG) kalkulatzen du, eta, horretarako, Udalsarea21 Jasangarritasunerako udalerrien euskal sarearen esparruan sortutako tresna erabiltzen du. Inbentarioa kalkulatzea funtsezkoa da berotegi efektuko gasen emisioek denboran zehar izan duten bilakaera eta ezarritako udal politiken eragina egiaztatzeko.
Datuak lortzea zaila denez, Euskal Autonomia Erkidegoko inbentarioak bi urteko aldearekin kalkulatzen dira. Hori dela eta, kalkulatutako azken inbentarioa 2021. urteari dagokio.
2020an isuriek izandako beherakada handiaren ondoren (2019koak baino % 20 txikiagoak izan ziren), albiste ona da 2021ean emisioak % 7 jaitsi zirela, jarduera neurri handi batean suspertu bazen ere. Hala, 2021ean, Donostian 540.675 tona CO2 baliokide isuri ziren guztira, 2,9 tona biztanleko. Datu horiekin, % 44ko jaitsiera metatu da 2007. urtearekin alderatuta, eta horrek ia 2030erako Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legearen helburuan jartzen gaitu.
Zergatik jaitsi dira isuriak?
Isurien jaitsieran faktore hauek izan dute eragina:
- Garraio sektorearen energia kontsumoa murriztea; nahiz eta oraindik ere hiriko emisio sortzaile nagusia izan, garraio sektorearen emisioak % 40 murriztu dira 2007tik.
- Hondakinak kudeatzeko modua aldatzea, zabortegitik balorizazio energetikora.
- Estatuan sortutako energia elektrikoa gero eta gehiago iturri berriztagarrietatik etortzea.
2021eko emaitzak onak badira ere, ikusi beharko da zer bilakaera izan duten emisioek pandemia osteko normaltasuna erabat berreskuratu ondoren, eta ea murrizketa horrek bere horretan jarraitzen duen.
2021eko berotegi efektuko gasen inbentarioari buruzko txosten osoa irakur daiteke hemen.