Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Ingurumeneko zinegotzi Ane Oyarbidek "Donostia egokitu egiten da" ekimena aurkeztu du

Ekimena urtean zehar gauzatuko da, eta, horri esker, hiriak aurre hartu ahal izango die klima aldaketaren eraginei

Ingurumeneko zinegotziak "DONOSTIA EGOKITU EGITEN DA" ekimena ezagutarazi du. Klima aldaketaren kontrako tresna hori Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekin elkarlanean jarri du abian Udalak, Biodibertsitate Fundazioaren bidez. "DONOSTIA EGOKITU EGITEN DA" ekimenak lau ardatz ditu, denak ere 2018. urtean gauzatzekoak. Horretarako, 105.500 euroren aurrekontua izango da, eta horrekin, beste hainbat neurri hartzeaz gain, mareografo bat jarriko da, olatuak neurtu eta datuak erregistratzeko.

Ingurumeneko zinegotzi Ane Oyarbidek azaldu duenez, "klima aldaketara egokitzeak esan nahi du haren ondorioei aurrea hartzea, horiek minimizatzeko edo horrek ekar ditzakeen aukerak aprobetxatzeko prestatzeko. "Klima aldaketaren kontrako borroka honetan –Oyarbidek erantsi duenez– ez da nahikoa berotegi efektuko gas igorpenak gutxitzea, gizarteak ere egokitu beharra dauka. Bestela, kalteen kostuak gero eta handiagoak izango dira".

"DONOSTIA EGOKITU EGITEN DA" proiektuak, Ane Oyarbidek azaldu duenez, 4 ardatz nagusi ditu, urtea amaitu baino lehen gauzatu beharrekoak:

  • "Lehenengo ardatzaren xedea da ikerketa sakon bat egitea klima aldaketak udalerriko hondartzetan duen inpaktua kalkulatzeko. Horretarako, etorkizunean izan daitezkeen askotariko egoeretan Donostiako olatuek eta itsasoaren mailak Donostiako itsasaldean nolako inpaktua izan dezaketen aztertzen ari gara."
  • "Bigarren ardatzaren bidez, olatu handien eta uholdeen ondoriozko larrialdi egoerak saihesteko informazioa hobetuko da eta herritarrentzako informazioa hobetuko da. Berritasuna da mareografiko bat jarriko dela olatuen datuak biltzeko. Horri esker, egin beharreko egokitzapenak egin eta etorkizuneko portaerak prebenitu ahal izango ditugu. Bestalde, uraren maila neurtzeko gailu bat jarriko da Igara errekan, hura baita emari handiena duen hiriko erreka, kontrolatzeko. Era berean, webgune bat eta app ireki bat prestatuko dira (teknikari nahiz herritarrentzat), Udalak dituen eta edukiko dituen datu meteorologiko guztiak (haizea, tenperatura, erreken maila, mareografoa…) zentralizatzeko eta eskuratu ahal izateko. Aplikazio horrekin, halaber, errazago hartu ahal izango dira erabakiak larrialdietan."
  • "Hirugarren ardatzaren helburua da klima aldaketak eta, zehazki, muturreko gertaera klimatikoek hiriko zerbitzu eta azpiegitura kritikoetan, hala nola energia, gas eta telekomunikazio zerbitzuetan, zer-nolako inpaktua duten aztertzea eta hiri sistema indartzeko egokitzapen neurriak zehaztea (hobetzeko arloak)."
  • "Azkenik, laugarren ardatzean, Ingurumeneko zinegotziak adierazi duenez, 27. poligonoko erreka eta ibarren azterketa hidrauliko eta hidrologikoa egingo da, inguru horretako saneamendu sarean zenbateko karga sartuko den aurreikusteko."

Europako Batzordeak 2014. urtean udalerriak klima aldaketara egokitzeko egindako proposamenaren barruan sartzen da "DONOSTIA EGOKITU EGITEN DA" ekimena. Udalak 2014ko ekainaren 20an egin zuen bat proposamen horrekin, eta, geroago, 2017ko martxoan, Hiria Klima Aldaketara Egokitzeko Planean jaso zen.