Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Artikutza: Natura eta Historia.

Udalak Artikutzari buruzko liburu zientifikoa argitaratu du.

 

2019an 100 urte bete dira Donostiako Udalak Artikutza erosi zuenetik. Ehun urteotan gunearen erabilera eta egoera asko aldatu dira.

Hori guztia azaltzeko, historia eta natura aldetik, eta herritarrekin jakinduria partekatzeko helburuarekin, liburu zientifikoa argitaratu dugu.

Donostiako Udalak finka erosi zuenetik mende bat betetzen baita. Denbora honetan, aldatu egin dira Artikutzako egoera eta erabilerak. Donostia edateko urez hornitzea izan zen erosketaren arrazoia.

Garai hartan, adituek diotenez, Artikutzaren itxura eta egoera oso bestelakoa zen: industria jarduera handiko lekua zen, eta naturak haren eragina pairatzen zuen.

Ia hasieratik uraren azpiegiturekin arazo geologikoak izan zirenez gero, hasierako helburua, hau da hiria uraz hornitzea, ezin izan zuten erabat bete, eta, beraz, ibaian behera jo behar izan zuten, eta Añarbeko urtegia eriki zuten. Harrez geroztik, Artikutzako etxaldeak hamarkada lasai batzuk bizi zituen eta bitartean, naturak bere berreskuraketa lana egin du; horregatik, egun, leku paregabea dugu Artikutza.

Horretaz gain, kokapen biogeografiko atlantiarra du, tenperatura epel eta euri askorekin, eta orografia oso malkartsua du; hori guztia dela eta, Artikutza natura eta biodibertsitate aldetik oso eremu aberatsa da.


Hori dela eta, Natura 2000 Sarean barneratuta dago eta 2015ean, Artikutza ES2200010 Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatua izan zen,  ( 264/2015, Agindu Forala, abenduko 2 koa). Habitat mota asko izateak Artikutza naturaren aldetik oso interesgarria izatea dakar, eta besteak beste, 92/43/CEE Zuzentarauko II eta V Eranskinetan eta Nafarroako Landare mehatxatuen katalogoan (94/1997 Dekreto Forala, apirilako 7koa) agertzen diren espezie eta habitat batzuk aurkitzen ditugu gunean.

Artikutza KBE izendatu zen kudeaketa planean bertan flora eta fauna mehatxatuaren distribuzio eta kontserbazio egoera jakitea beharrezkoa dela adierazten da, baita horiek kontserbatzeko neurriak ipintzea eta hauek burutzea ere.

Horregatik azken urteotan hainbat ikerketa egin ditugu, habitat eta espezie desberdinen egoera ezagutzeko eta horretan oinarrituz, kudeaketa ekintza garrantzitsuak martxan jarri dira. Besteak beste, presa txikiak eta bestelako oztopoak kentzea, saguzaharren kutxa-habiak jarri, baso exotikoak kendu etab.


Laburbilduz, esan dezakegu Artikutza altxor preziatuenetako bat dugula.

Azken urteotan, gainera, natura sustatu eta babesteko ildo horretan jarraitzeko ezinbesteko erabaki bat hartu dugu: Enobietako presa gaitasunik gabe uztea. Orain, eginkizun handi bat dugu, alegia, presaren bi aldeen arteko lotura naturala berrezartzeko lanak egitea.
Mendeurrena dela eta oraingo eta etorkizuneko herritarrei ondare bat utzi nahi izan diegu; bertan egindako esfortzua islatzeaz gain, Artikutzan dugun natural ondarea goraipatu nahi izan dugu.

Horretarako, liburu zientifiko bat argitaratu dugu, azken urteotan egindako lanak bilduta.

Bestalde, bideo bat egiten ari gara, denontzat ikusgarria izango delakoan. Azkenik, laster argitaratuko dugu beste liburu bat, dibulgaziozkoa eta arinagoa, denon gustukoa izango delakoan.
Jakin badakigu herritarrak kontzientziaraztea eta horiek jarrera egokia izatea eta laguntzea ezinbestekoak direla Artikutzan dugun egoera mantendu edo hobetzeko, eta, beraz, lortzen ari garen ezagutza partekatu nahi izan dugu.