Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Artikutzak bere mendeurrena ospatuko du Aranzadirekin

Aurten dira ehun urte Donostiako Udalak Artikutzako finka erosi zuela

Aurten dira ehun urte Donostiako Udalak Artikutzako finka erosi zuela. Mendeurrena ospatzeko ekitaldien artean, naturari eta historiari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. Urriaren 3an eta 4an izango dira, San Telmo Museoan.

Gaur egun, Donostia haren titular dela mendea bete den honetan, Artikutza balio naturalistiko handiko enklabea da, Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremutzat joa (2015). Gainera, kudeaketa plan bat ere badu, eta haren barruan zehaztuta daude finkaren kontserbazio egoera eta, batez ere, balio naturalistiko handikoak diren elementuak babesteko neurriak.

Herritarrek Artikutzako natura balioak ezagutzeko antolatu diren jardunaldiotan, Aranzadiko adituek eta unibertsitateko irakasleek hartuko dute parte.

Urriaren 3an, ostegunarekin, Artikutzako errekei buruzko hitzaldi bat emango du EHUko irakasle batek, eta, haren atzetik, Aranzadiko adituek finkako landareei eta basoaren egoerari buruz hitz egingo dute. Eguna osatzeko, hainbat hitzaldi izango dira Artikutzan dauden onddo, ornogabe, anfibio, narrasti, hegazti eta ugaztunei buruz, eta mahai inguru bat ere egingo da enklabeko natura dibertsitatearen inguruan.

Urriaren 4an, ostiralean, gai hauek jorratuko dira: klima, lurzoruen kudeaketa, aztarna megalitikoak Artikutzan, iraganeko meatzaritza eta burdinolak, finkatik igarotzen zen trenaren historia eta Donostiako ur hornidurari buruzko historia.

Programazioa