Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Martxoak 21: Basoen Nazioarteko Eguna

Bi baso-berritze egin ditu udalak, Oberanen eta Mendizorrotzen

2012an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Basoen Nazioarteko Eguna izendatu zuen martxoaren 21a. Horren bidez, baso mota guztien garrantzia omentzen da, eta horri buruzko kontzientzia sortzen saiatzen da. Basoen Nazioarteko Eguna ospatzen den bakoitzean, basoekin eta zuhaitzekin lotutako jarduerak bultzatzea nahi da. 2021erako gaia honakoa da: "Baso-leheneratzea: berreskurapenerako eta ongizaterako bide bat" .


Udalak bere egin du aurtengo Basoen Nazioarteko Egunaren gaia, basoak lehengoratzeko lan aktiboa egiten ari baita. Nazioarteko Eguna dela eta, egiten ari diren bi baso-berritzeen berri eman nahi dizuegu.

 

Oberan mendia

Lehenengoa, Oberan mendiko zenbait partzelaren birlandatzea da. Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Oberan mendia Aiako Harria Parke Naturaleko enklabe batean kokatua Kutxabanken eta Donostiako Udalaren arteko hitzarmen baten bidez kudeatu da. Urte haietan, zenbait landaketa egin ziren baso-espezie aloktonoekin, eta, garai hartan ohikoa zen bezala, haien helburua argia zen: etekin ekonomikoak lortzeko ekoizpena.


Jakina da baso-espezieek mozketa-txanda zehatz bati erantzuten diotela. Hala, Oberan mendian landatu ziren espezie gehienen kasuan, euren txanda betetzen joan ziren urteak joan ahala, eta, ondorioz, moztu egin ziren txanda hori bete ahala. Iaz, Lawson altzifrea, itsas pinua eta larizio pinua zituzten lursailak (10 ha gutxi gorabehera) mozteko-txanda jada betea zuten, beraz, moztu egin ziren.


Hiru lursaila horien hitzarmena amaitu ondoren, Donostiako Udalak berriz ere haien jabe, osoki erabaki zuen bertako espezieekin birlandatzea. Erabaki horren arrazoia izan zen, alde batetik, Oberan mendia Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremuan (BBE) egotea (natura-balio ugari babesten dituen figura, besteak beste, baso autoktonoak). Eta, bestetik, inguruko lurretan, Errekabeltzen (Donostia) eta Añarbeko basoan (Errenteria) Gipuzkoako harizti-pagadi aberatsenetakoa izatea, berez Oberan mendian barrena modu naturalean hedatuko zirenak, iaz moztutako landaketarik izan ez balitz


Landatuko diren espeziei dagokionez, Oberanen orientazioak, pagoaren ordez haritza landatzea egokiagoa dirudi; beraz, haritz arrunta (Quercur robur) aukeratu da espezie nagusi gisa. Hala ere, inguru horretan dauden errekasto txikien ertzetan erraka-basoa berreskuratu nahi da, horretarako haltza, urkia edo lizarra bezalako espezieak erabiliz. Era berean, ibaiertzeko espeziak inguratuz, eta dibertsitatea handitzeko eta hariztietaranzko trantsizio-eremu bat sortzeko, bigarren mailako beste espezie batzuk landatuko dira, hala nola udareondo edo sagarrondo basatiak. Bigarren mailako espezie horiek erabiltzearen helburua da datozen urteetan basoaren barne aldera zabaltzea, haritzarekin modu naturalean nahasiz, eta, horrela, Añarbeko basoari jarraipena ematea.

Jarduketa hauek Urban Klima 2050 LIFE proiektu integratuaren finantziazioarekin garatu dira.

 

Mendizorrotz 

Udala basoberritzeko egiten ari den beste jarduera bat Mendizorrotz (Igeldo) mendiko da. Iranguen eta Egiluze mendien hegalek 115 Ha inguruko eremua osatzen dute Donostiako Udalaren jabetzako lurrak. Eremu honek natura-balio handia du, intereseko fauna eta flora espezieak dituzten habitat desberdinez osatua dago eta egitura eboluzionatuagoetara eraldaketa-prozesuan dago. Hala ere, azken hamarkadan hainbat sute izan dira, ia azalera osoa kaltetu dutenak eta eraldaketa horretan atzerapausoa eragin dutenak.

2016an, kudeaketa-plan bat idatzi zen, eta, bertan, egin beharreko zenbait lan jasotzen dira, mendi horretan dauden elementu interesgarrien egoera hobetzeko, egoera egonkorragoetarantz eta ingurumen interes handiagoetarantz eboluzionatzeko, eta eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoak bermatzeko eta hobetzeko: lurzoruaren babesa, karbonoaren bahiketa, paisaiaren kalitatea, aisialdirako erabilera, etab.

2018an, eukaliptoen birpopulatzeak moztu ziren, ingurunean zabaldu eta beste toki batzuk inbaditzeko arriskua zutenak. Horren ordez, landaredi potentzialaren mapa kontuan hartuta, espezie hostozabal espezie desberdinetako zuhaitzak landatu ziren, habitat honetakoak eta lekura hobeto egokituak: ametzak, artelatzak, lizarrak, eta zuhaixka-espezieak, hala nola elorriak, gorostiak, sagarrondoak eta basa-udareak. 2017tik 2019ra bitartean, 10 ha mendi birpopulatu ziren, eta espezie autoktonoen 4.000 zuhaitz baino gehiago landatu dira.

Gainera, tamaina handiko zuhaitz helduen kopurua txikia denez, txoriek eta saguzarrek ez dute ia kabia egiteko eta babesteko tokirik aurkitzen, horregatik, 2018an saguzarrentzako 20 kaxa eta txorientzako beste 20 kabi-kaxa jarri ziren. Aurten moztu egin dira 2018an kendu ziren eukaliptoetatik sortutako kimu berriak.

Egindako birpopulazioak eta erretako eremuen berezko leheneratzeak aurrera egiten dute, eta beste atzerapausorik eragiten duen perturbaziorik gertatzen ez den bitartean, urte gutxiren buruan baso gazte bat ikusi ahal izango da.