Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Bidebietan, bigarren eskuko eta 0 km-ko produktuen azoka

Azaroaren 23an, Bidebietako kiroletako pistan, 10etatik 14etara

Azaroaren 23an, larunbatean, 10:00etatik 14:00etara bigarren eskuko eta 0 kilometroko produktuen azoka bat egingo da Bidebietako kiroletako pistan (Serapio Mujika pasealekuan). 

Azoka Donostiako Udalak antolatzen du, eta berrerabilpena, hondakinen prebentzioa eta 0 kilometroko produktuen kontsumoa bultzatu nahi du. Ekimena sortu da Bidebieta auzoko bizilagunen Bideak elkarteak aurrekontu parte-hartzaileetara aurkeztutako proposamenetik abiatuta. 

Zer egin behar dut salmenta-postu bat izateko?

Azokan salmenta-postua jarri nahi baduzu aurrez izena eman beharko duzu udalaren webgunearen bidez. Izena emateko epea azaroaren 16ra arte (larunbata, barne) zabalik egongo da (Donostiatruk bigarren eskuko merkaturako prestatutako online plataforma bera).

Ekialdeko Barrutiko donostiarrek lehentasuna izango dute eta, eskuragarri dauden postuak baino eskaera gehiago jasoz gero, zozketa bat egingo da, eta horren emaitza izena eman zuten pertsonei jakinaraziko zaie merkatuaren aurreko asteazkenean.

Zergatik berrerabili?

Objektuak berriro erabiliz, haien balio-bizitza luzatzen dugu, eta, horrela, hondakin kopurua, hondakin horien kudeaketak eragiten dituen inpaktuak eta baliabideen kontsumoa murrizten dira. 

Zergatik kontsumitu 0 kilometroko produktuak?

Tokiko ekonomia bultzatzeaz gain, merkantziak urrutitik garraiatzearen ondoriozko ingurumen-arazoak saihesten dira, berotegi-efektuko gas-isuri handiak sortzen baitituzte eta klima-aldaketari laguntzen baitiote. 

Merkatuaren araudia

Azokak Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean parte hartzen du (2024ko azaroaren 16tik 24ra). Informazio gehiago: https://ewwr.eu/