Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Hiri bioaniztasuna
Nola gozatu eta bultzatu etxetik
Zergatik da hiri bioaniztasuna hain garrantzitsua?
Nazio Batuen erakundearen arabera, 2050 an munduko populazioaren %66 hirietan biziko da, eta hiri azalera totala etengabean handitzen ari da. Hori dela eta, gizakiok arazo handiei aurre egin behar diegu, horien artean Klima aldaketa, baliabideen eskasia edo bioaniztasunaren galera. Horretarako, bioaniztasuna kontuan hartu behar dugu Hirigintza plangintzetan eta herritarren portaeran, irtenbidea aurkitu nahi badugu.
Hiriak habitata naturalak hartu, ezabatu eta zatitu egiten dituen arren, hirien barruan dagoen bioanaiztasunak zerbitzu ekosistemiko anitzak sortzen ditu.
Zer daukagu gure hirietan?
Hiriak ez dira inguru egokienak izaki gehienentzat, baina, espezie asko bertara egokitzen dira elikagai ugaria, harraparirik eza edota bero uharte efektuak sortzen dituen tenperatura gozoak dituztelako.
Adibidez, ikerketek diotenez, hegazti aniztasunaren %20 hirietan dago. Ezagutzen ditugun uso eta kaioez gain, beste hegazti batzuk ikus ditzakegu: txolarreak, mikak, enarak, enara azpizuriak edota kaskabeltzak, besteak beste. Eta harrigarria bada ere, hegazti harrapariak (belatz gorria, urubia edota belatza) ere gure etxeen gainean hegan ibiltzen dira.
Horretaz gain, intsektu asko aurki ditzakegu: euliak, liztorrak, erleak, xinaurriak, tximeletak, sitsak... Halaber, erraz ikusiko ditugu sugandilak eta beste narrasti batzuk harresietan eguzkitan, eta ugaztun txikiak, anfibioak eta arrainak parke eta lorategietan.
Halaber, landaredi ugari dago, ez bakarrik parke eta lorategietan, baizik eta edozein eraikin zaharretako harresietan dauden zulo txikietan, auzoetako bide bazterretan, Urumea ibiaren ertzetan (bereziki ildaskatu gabeko eremuetan)... Landaretxo guztiek ere hiri bioaniztasunean funtzio bat betetzen dute. Animaliak ez bezala, landareak ez dira mugitzen, beti hor daude eta aurkitzeko errazagoak dira. Gure arreta eta errespetua merezi dute, haiek ere gu bezala hiriko biztanleak baitira.
Landaredia kate trofikoaren lehen katebegia da; izan ere, materia inorganikoa eta argiarekin materia organikoa sortzen duten izaki bakarrak dira. Hori dela eta, gainerako izaki guztiok haren beharra daukagu.
Hirigintzaren eta naturaren kontserbazioaren arteko erlazioa konplexua da, eta oraindik hirigintza inertzia asko mantentzen dira (gune publikoak zementatzea, beheko solairuetako terrazak lauzatzea...), orokorrean errazago mantentzen direlako eta lan gutxiago ematen dutelako. Baina hiri bioaniztasunak onura asko ekartzen ditu, zementuak sortzen ez dituenak, eta horiek zenbatu egin beharko genituzke, hiri ordenazioko plan nagusietako balorazioetan kontuan hartzeko.
Eta nik, zer egin dezaket?
Aipatutakoa etxebizitza baten neurrira estrapola dezakegu; izan ere, bertan landareek, kalean edo lorategian egiten duten bezala, argia harrapatzen dute materia organikoa sortzeko, eta horrela, argia ez da energia termikoa bihurtzen: hori dela eta, gure etxebizitzetan landare gehiago izan beharko genituzke, onura estetiko eta emozionala lortzeaz gain, tenperatura jaisteko eta freskura-sentsazioa izateko. Hori kontuan hartzekoa da bero bolada garaian, ikerketek diotenez, gero eta maizago eta indartsuagoak izango dira-eta.
Horretaz gain, leiho eta balkoietan, arretaz begiratuz gero, uste baino animalia gehiago ikus ditzakegu. Kopuru hori handitzeko, hona hemen ideia batzuk: txorientzako askak eta intsektuentzako babeslekuak jarri, haiek erosoago bizitzeko gure hirietan, eta horrela, hiriak klima aldaketarako errazago moldatzen lagunduko digute.
Baliatu dezagun naturak, gure etxeetan eta hirietan sartuz gero, eskaintzen digun guztia!