Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Donostia Familiak -CO2 Erronkaren etxebizitza irabazlea
Energiaren kontsumo arduratsuaren alde hartutako konpromisoagatik
Ingurumen Departamentuak joan den martxoan Donostia-CO2 Familiak klimaren alde egitasmoaren erronka proposatu zien hiriko etxeei, apirilean, maiatzean eta ekainean energiaren kontsumo eraginkorrago batekin konprometitu zitezen. Guztira, 28 etxek onartu zuten erronka, non elektrizitatearen kontsumoa ez ezik, bestelako aldagaiak ere aintzat hartu baitziren, hala nola etxebizitzaren azalera, bertan bizi diren pertsona kopurua eta ur beroko edo berokuntzako sistema.
Hori guztia kontuan hartuta, irabazlea hautatu da: I. Aranaren etxea. Hala, asteburu batez gozatzeko aukera izango dute Europako Ecolabel etiketa ekologikoa duen turismo ostatu batean. I. Aranaren familiak azaldu duenez, gauza soilek, esate baterako, argia itzaltzea behar ez denean edo iturriak ixtearen beharraz jabetzea, energia aurrezki nabarmena ekartzen dute, eta horren emaitzak are hobeagoak dira, etxeko txikienek ohitura horiek bereganatzen dituztenean.
Horrelako ekimenen bidez energiaren aurrezkia bultzatu nahi da, eta ingurumena gehiago errespetatzen duten neurriak hartzearen beharra transmititu nahi zaie herritarrei. Ekimenak 12 etxe berriei CO2 etxeen komunitateari batzeko aukera eman die, herritarren eta udalaren arteko komunikazio bide egonkor bat da, energiaren eta klima aldaketaren kulturan aurrerapausoak eman nahi dituena eta gaur egun 300 etxe biltzen dituena. Etxeek beren behar bereziei egokitutako laguntza pertsonalizatua jasotzen dute, aholkularitza ematen zaie, eta haien kontsumoen eboluzioa aztertzen da. Parte hartzen duten etxeek elektrizitatearen kontsumoa batez beste % 8 murriztea lortzen dutela kalkulatzen da.
2019. urteari begira udalak bultzada bat eman nahi dio ekimen horri, klimaren aldeko ekintzan etxe gehiago elkartzeko. Horretarako, nahikoa da posta elektroniko bat bidaltzea ingurumena@donostia.eus helbidera edo udalaren 943483390 telefonora deitzea, egitasmoan parte hartzeko interesa adieraziz. Hortik aurrera, hitzordu bat zehazten da, etxebizitzaren diagnostiko energetiko bat egiteko eta etxearen beharrei egokitutako aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko.