Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Hegaztientzako disuasio-elementuak jarri dira Donostiako Realaren zubiko kristaletan
Txoriek kristalen kontra talka egin ez dezaten
2015. urteaz geroztik, Donostiako Udaleko Ingurumen Osasuna eta Iraunkortasuna Sailak hiriko hainbat hiri-azpiegituratan jardun du; izan ere, erabilitako eraikuntza-materialen ondorioz, arriskutsuak dira hiriaren gainetik hegan egiten duten hegaztientzat. Zehazki, gure hiriko bulego-eraikinetako, markesinetako, pantaila akustikoetako, hiri-altzarietako edo oinezkoentzako zubietako kristalak dira hegaztiek haien aurka talka egitearen eta hiltzearen arduradunak. Kristal horiek zerua eta hodeiak islatzen dituzte, baita inguruan dauden landaredia eta zuhaitzak ere. Ondorioz, hegaztiak noraezean ibiltzen dira eta haiengana egiten dute hegan, espazio ireki baterantz egiten ari direlakoan.
Azpiegitura horiek hegaztientzat ikusgarri egiteko, 2021ean, Lehendakari Agirre zubian banda bertikal itsaskorrak jarri ziren (PVCrik gabeko binilozkoak), bi zentimetroko zabalerakoak, zortzi zentimetroko tartearekin. Tarte horri esker, hegaztiek oztopoa ikusi ahal izango dute, eta ez dira saiatuko banden artean geratzen den zulotik igarotzen. Realeko zubiko barandetako batek kristalak dituela jakinda, abendu honetan bertan jardun dugu, 2021ean erabilitako sistema bera erabiliz. Ekintza horri esker, Urumearen gainean hegan egiten duten hegaztiek banda horiek ikusi ahal izango dituzte, eta zubia zer den identifikatu: saihestu beharreko oztopo bat. Ondorioz, zaurituak izatea saihestuko dute, edo, kasurik okerrenean, kristalak zeharkatzen saiatzean talka eginda hiltzea.
Ingurumen Osasuna eta Iraunkortasuna Sailak horrelako neurriak hartzen jarraituko du, hirian hegan doazen hegaztientzako ingurune seguruagoa sortzeko.