Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Edukiontzien plana Amaran eta Intxaurrondon hasi da

Ekainaren 23rako bi jai antolatu dira edukiontziak berrantolatuko dituzten auzoetan, herritarrek hondakinen kudeaketa egokian parte hartze aktiboa izan dezaten sustatzeko.

Joan den astelehenean abiatu zen Amara Berri eta Intxaurrondo auzoetan hondakinen bilketarako edukiontzien plana. Programa pilotu hau Gune Publikoetako eta Ingurumeneko departamentuek bultzatu dute, eta helburua da, emaitzak kontuan hartuta, hiriko gainerako auzoetara zabalduz joatea. Ingurumen teknikariak hasi dira hautatutako eremuetako edukiontzien kokapen berriari buruzko informazioa auzotarrei ematen; informazio hori, hain zuzen, bi gune hauetan emango dute: Amara Berriko ARCCO merkataritza zentroan, eta Intxaurrondoko gizarte etxean. Horrez gain, hil honen erdialdera, planari buruzko informazioa azaltzen duten liburuxkak banatuko dituzte aipatu auzoetako postontzietan, gaikako bilketa gehitzeko asmoz.

Alfonso Gurpegui Gune Publikoetako zinegotziak azaldu duenez, "2017ko datuen arabera, donostiar bakoitzak 1,20 kg hondakin sortzen du egunean, eta horien % 38 gaika biltzen du Donostiako Udalak. Datu horiek eskuan izanik, iaz erabaki zen hiri osoan ezarrita dauden edukiontzien hornidurari eta banaketari buruzko zenbait azterketa egitea, hondakinak behar bezala, dagokien edukiontzietan, bota daitezen sustatzeko".

Alfonso Gurpeguik adierazi duenez, "azterketen emaitzen arabera, ondorio hauek atera dira: Donostian errefusaren edukiontzi ugari daude, hondakinak gaika biltzeko edukiontziekin alderatuta; errefusaren edukiontziak sakabanatuta daude, gaikako edukiontziekin alderatuta; gaikako edukiontziak dituzten auzotarrek urrunago dituzte edukiontzi horiek errefusaren edukiontziak baino; eta birziklapen tasa nahiko baxua da".

Bi jai edukiontziak berrantolatuko diren auzoetan.

Ekainaren 23rako, bi jai antolatu dira edukiontziak berrantolatuko dituzten auzoetan, herritarrek hondakinen kudeaketa egokian parte hartze aktiboa izan dezaten sustatzeko. Jai horietan, informaziorako gune bat ezarriko da, eta bertan azalduko dute, Amaran eta Intxaurrondon, hondakinak gaika biltzeko edukiontziak aurrerantzean non egongo diren; Joko Garbia txartela eskuratzeko aukera ere izango da, biohondakinen edo materia organikoaren edukiontzian erabili ahal izateko.


Horrez gain, erabilitako botilekin loreontziak egiteko tailer bat egingo da, eta landareak ere banatuko dituzte, biohondakinetatik lortutako konpostarekin. Halaber, birziklatu beharreko hondakinak gaika biltzen ikasteko tailer ludiko bat egingo da.

Erlazionatutako dokumentuak:

Edukiontzien plana