Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Ehizak debekatuta jarraitzen du Artikutzan

Basozainek zaintzen dute ez dadila ezkutuko ehizarik egon

Apirilaren 17an, ostiralean, gaueko 22:30ak aldera, Artikutzako basozainak ohartu ziren inguruan ezkutuko ehiztariak zeudela, eta Ertzaintzari abisua eman zioten. Ertzain batzuk bertaratu ziren eta Bianditzetik jaisten den errepidean lur orotako ibilgailu bat atzeman zuten, arma bat eta munizio mota desberdinak zeramatzan pertsona batekin. Ertzainek arma kendu zioten eta salaketa jarri zuten bere kontra.


Aiako Harria parkean eta Artikutzan gauez egiten den isileko ehizaren zantzuak daude. Izan ere, lehenago Foruzaingoak hainbat salaketa jarri zituen Artikutzan hainbat ehiztari gauez ehizatzen harrapatu zituelako. Artikutzan ehiza erabat debekatuta dagoela gogorarazten da, Natura 2000 Sarearen barruan dagoen gune babestu bat baita. Donostiako Udaleko Ingurumen Saila, Artikutzako basozainen bidez eta agintaritzaren agenteekin koordinatuta, arazo hori arintzeko neurriak hartzen ari da, arazo hori larriagotu egin delako gauden konfinamendu-egoerarekin.