Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Maiatzak 20, Erleen Nazioarteko Eguna

Erleen alde asko egin dezakegu

Gehienok, erle hitza entzutean, eztiaren erlea irudikatzen dugu, baina argitu behar da erle basati mota asko daudela (Espainian 1.000 espezie ezberdin baino gehiago daude). Gehienak bakarrik bizi dira, eta ez kolonietan, eta garrantzitsuak dira landareak polinizatzeko eta ugaltzeko (elikagaiak ematen dizkigutenak barne).

Duela urte batzuetatik hona, espezie horietako asko desagertzen ari dira hainbat faktoreren ondorioz. Besteak beste, basoak eta belardiak monolaborantza eta hiri bihurtzen ari dira, eta horietan baserleek ezin dute bizirik iraun. Gainera, laboreen ekoizpenean erleak intoxikatzen dituzten pestizidak erabiltzen dira. Tenperaturen gorakadak, klima-aldaketaren ondorioz, ere eragiten die eta hil egiten dira. Azkenik, globalizazioak erleentzat kaltegarriak izan daitezkeen espezie askoren lekualdaketa ekarri du (Asiako liztorren kasua da hori).

Zer egin dezakegu erleen alde?

Lehenik eta behin, eremu naturalak babestu edo leheneratu beharko genituzke, landare autoktonoak erabiliz eta espezie inbaditzaileak edo monolaborantzak kenduz. Era berean, gure baratzeetan pestiziden erabilera minimizatu edo ezabatu beharko genuke eta nekazaritza ekologikoa bultzatu. Eta arduratsuak izan munduan zehar eramaten diren espeziekin. Tenperaturaren igoerari dagokionez, CO2 isurien murrizketa erleek ez ezik planeta osoak ere eskertuko du.

Horrela, bada, ospa dezagun erleen nazioarteko eguna, eta kontuan har dezagun guk ere eragina izan dezakegula erleen desagerpenean edo biziraupenean. Donostiako lorategietako loreek, zuhaixkek eta zuhaitzek, edo gure balkoi, leiho eta lorategi partikularretan hazten direnek, areagotu egingo dute erleen populazioa.