Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Ibaetako haltzadia eta urmaela birnaturalizatuko dira
Proiektu honek Fundación Biodiversidad-en laguntza izan du
Joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, Ibaeta ingurua, zenbait errekak igarotzen zutena, nekazaritzarako erabiltzen zen. Harrezkero gertatu diren erabilera-aldaketek, batez ere tokiko urbanizazioak, errekak desbideratzea, aldatzea eta lurperatzea ekarri zuten; adibidez, Añorga eta Igara errekastoen luzera gehiena lurperatu egin zen, aparkalekuaren ondoan azaleratzen den eremuan izan ezik, eta birnaturalizatu nahi diren hezegune eta ibai-habitat potentziala sortu ziren.
Egungo haltzadiak, 80ko hamarkadan, bidetik gertu dagoen aparkaleku osoa hartzen zuen. Zoritxarrez, urteen joanak eta inguruko urbanizazio berriek azalera mugatu zuten, egungo 11.878 m2-ra arte, eta, gainera, beste faktore batzuek nabarmen murriztu zuten eremuaren balio ekologikoa.
Orain arteko egoera
Errekastoaren inguruak jasaten duen antropizazioak eragotzi egiten du haltzadi potentziala dagoen narriaduratik behar bezala berreskuratzea. Zehazki, hezegunearen kasuan, ikusi egin da azidotzeko joera dagoela, eta ondoan dagoen aparkalekutik datozen metalak eta olioak daudela uretan. Horri gehitu behar zaio gabeziak dituela, ez baitu habitat horien berezko landaredi halofito eta urtarraren zerrendarik, ez eta zonaldeko fauna propiorik ere, aurretik lorategiko espezie aloktono tipikoagoekin egindako landaketen ondorioz.
Era berean, haltzadi hori hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) eragin-eremua da, Euskal Autonomia Erkidegoan galtzeko arriskuan dagoen anfibioa. Horregatik guztiagatik, ingurumenaren ikuspegitik, ezinbestekotzat jotzen da bi habitatak (haltzadia eta hezegunea) berreskuratzea eta kontserbatzea.
Haltzadiaren ekosistema eta hezeguneko uraren kalitatea berreskuratzea helburu
Obra honen bidez, haltzadi kantauriarreko espezieen zerrendan ez dauden espezie aloktonoak kendu nahi dira, eta, gainera, oihanpea espezie egokiekin leheneratu. Hezeguneari dagokionez, haren uren kalitatea hobetu nahi da, ondoko aparkalekutik datozen urak iragazketa-sistema baten bidez. Sistema hori naturan oinarritutako irtenbideak (NOI) erabiliz eraikiko da, eta fitoarazteko edo iragazteko sistema berde bat izango du.
Horren bidez, ibai-ekosistema leheneratu nahi da, espezie egokien kopurua handituz, eta galzoriko espezieen egoera eta potentziala nahiz haltzadi kantauriarreko Batasunaren intereseko habitata zaindu nahi dira.
Helburu hori lortzeko, alde batetik, landarediaren arloko ekintzak proposatzen dira, landare-egitura leheneratzeko edo hobetzeko. Horretarako, Chamaerops humilis (Palmondo nano) eta Ligustrum japonicum (Arbustu japoniar) espezietako landareak kenduko dira, haltzadi-espezie tipikoak landatuko dira eta bioingeniaritza-lanak egingo dira hezegunearen ertzetan. Bestalde, uren eta lohien kalitatea berreskuratzeko eta hobetzeko ekintzak planteatzen dira, naturan oinarritutako irtenbideak erabiliz. Horien artean daude: bioatxikitze-sistema bat eraikitzea, aparkalekuko drainatze-hodia atxikipen-putzuarekin lotuko duen landare-areka batez osatua; fitoarazketa-sistema bat eraikitzea, kota desberdinetan kokatutako legarrezko hiru putzuz eta landare halofitaz eraikia, eta espezie makrophytak dituzten landare-uharte flotatzaileak jartzea.