Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Udalak Ibaetako haltzadia eta hezegunea birnaturalizatzeko lanak bukatu ditu

Naturan oinarritutako irtenbideak erabili dira helburuak lortzeko

Ibaetako hezegunea, EHUren Campusaren hegoaldean kokatua, garai batean inguru horretatik igarotzen ziren erreken aztarna da; izan ere, urbanizazioaren ondorioz, erreka horiek bideratu eta lurperatu egin ziren. Eraldaketa horren ondorioz, hezegunea eta inguruko haltzadia ez zeuden kontserbazio-egoera onean. Hori dela eta, Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak ingurua berreskuratzeko proiektua idatzi zuen, eta abendua eta martxoa bitartean gauzatu ditu lanak.

Proiektuak zenbait ekintza zituen eta horietako baten helburu nagusia hezeguneko uren kalitatea hobetzea izan da, ondoko aparkalekuatik zetozen uren eraginez, urak azidotzeko joera zuelako eta metalak eta olioak pilatzen zirelako. Horregatik, urak eusteko eta arazteko sistema konplexu bat diseinatu eta ezarri da, naturan oinarritutako irtenbideak aplikatuta eta material naturalak eta landareak soilik erabilita. 

Zer egin da?

Eraikitako sistema horrek bioerretentzio-putzu bat du, eta bertara desbideratzen dira aparkalekutik datozen urak, landaredun areka baten bidez. Ondoren, kanal naturalizatu baten bidez, urak fitoarazketa-sistema batetik igarotzen dira. Sistema horrek hiru iragazki berde ditu, hezegunera urak hustu aurretik. Horrez gain, hezegunean bertan uretara moldatutako landareak jarri dira, eta horiek ere uraren kalitatea hobetzen laguntzen dute. 

Bestalde, hezegunearen ertzak hobetzeko bioingeniaritzako zenbait teknika aplikatu dira, hala nola aldaxkak txertatzea edo ur-ekosistemetako berezko espezieekin biorrolloak instalatzea. Jarduketa horiek landaredi potentziala berreskuratzen eta ibai-habitata hobetzen laguntzen dute. 

Azkenik, flora exotikoko espezieak kendu dira, hala nola, Ligustrum japonicum eta Chamaerops humilis, eta ibai-ekosistemetako eta haltzadi kantauriarretako zenbait belar- eta zuhaixka-espezie erein eta landatu dira. 

Zein da helburua?

Beraz, jarduera horien guztien helburua haltzadiaren ekosistema eta hezeguneko uraren kalitatea berreskuratzea izan da. Aipatzekoa da haltzadi hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan desagertzeko arriskuan dagoen hegoaldeko igelaren (Hyla meridionalis) eragin-eremuan dagoela. 

Gainera, aparkaleku ondoan informazio-panel bat jarri da, jarduketa ezagutarazteko eta hiri-ingurunean ibai-habitatak kontserbatzearen eta hobetzearen garrantzia jakinarazteko eta beste txikiago bat Tecnum-en egoitzara doan pasabidean. Azkenik, hondakinak hezegunera ez botatzeko eskatzen duen panel bat ere jarri da pasabideko horma batean.

Zure iritzia jakin nahi dugu

Esteka honetan hiriko ibai eremuei buruz, eta zehazki proiektu honen inguruko, herritarren iritzia ezagutzeko prestatutako inkesta duzu. Zinez eskertzen dizugu inkesta betetzea.

Jarduketa hau Donostiako euri-uren eta erreken ingurumen-kudeaketa jasangarria (PluSSS) proiektuaren esparruan egin da. Proiektu horrek  Ministerio para la Transición Ecológica y el Reto Demográfico (MITECO)-ren Fundación Biodiversidad erakundearen laguntza du, Europar Batasunak – NextGenerationEU – finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2026/02/27an argitaratuta