Breadcrumb

Eduki publikatzailea

LIFE KANTAURIBAI: Artikutza eta muturluze piriniotarra

Donostiako udalak 646.316 euroko laguntza jasoko du

LIFE KANTAURIBAI Europako proiektu bat da eta haren helburu nagusia da Bizkaiko golkoan itsasoratzen diren ibaien eta ibaiadarren ibai-ekosistemari lotutako espezie eta habitaten kontserbazio-egoera hobetzea Natura 2000 Sareko 15 babesgunetan, betiere Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitania eskualdeen artean partekaturiko 5 ibai-arrotan. Honela, proiektuaren baitan espero da 25 ibai oztopo ezabatzea eta beste 7 iragaztea, arrainak igaro ahal izateko. Proiektua 2022ko urrian hasi zen eta 2027ko irailean amaituko da.

Zehazki Donostiako Udaletik honako lan ildoak landuko ditugu proiektuaren baitan:

Enobietako presa behin betiko desgaitzea eta errekaren ibai-lotura hobetzea

Kontuan hartuta Artikutza Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) dela eta biodibertsitatearen babesak lehentasuna izan behar duela, presa ezgaitzea eta eremua ekologikoki lehengoratzea erabaki genuen. Horretarako, 2018an urtegia poliki-poliki husten hasi ginen, 2019ko otsailean erabat hustu arte.  2022an, presa zerbitzutik kanpo uzteko alternatiben azterketa eta eraikuntza-aurreproiektu bat egin ziren. Horren bidez, presako gainezkabidearen ezkerreko baoan zentratutako 7 metroko zabalerako eskotadura bat irekitzea erabaki zen, baita 3 metroko zabalerako ibilgu berri bat eratzea ere. 

Obra horien kostua 800.000 eurotik gorakoa da eta LIFE KANTAURIBAI proiektuaren laguntzari esker egiteko aukera izango da. Honela, lanak abian jartzeko izapideak egiten ari gara eta 2027 baino lehen erabat amaitzea aurreikusten dugu

Muturluze piriniotarraren kontserbazio egoera hobetzeko ekintzak

Urtegiaren hustuketak Enobieta errekaren goialdeko ibai-lotura berreskuratzea ahalbidetu du. Egoera berri horretan, muturluzeak ondo erantzun eta arroa okupatu du, eta hainbat ekintza egingo dira espezie honek Artikutzan zein gainerako arroetan duen desagertze-arriskuaren aurrean. Dagoeneko Artikutzako populazioak ezagutzeko ikerketak egin dira eta, proiektuan zehar, populazioak indartzeko neurriak hartuko dira. Horietan guztietan garrantzitsuena izango da presak osatzen duen oztopoa kentzea.

Lan horiek Nafarroako, Gipuzkoako eta Akitaniako arduradunekin koordinatuta egingo dira, espeziearen hobekuntza maila globalean kudeatzeko, eta ez tokiko mailan soilik. 

Donostiako Udalak 1.077.195 euro bideratuko ditu proiektu honetara eta 646.316 euroko laguntza jasoko du Europar Batasuneko LIFE finantza-tresnaren ekarpenarekin.

Informazio gehiago

Ikusi proiektuaren inguruko bideoa (gaztelaniaz)