Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Donostiak 18.000 zuhaitz eta zuhaixka sartu ditu Oberanen

Ekintza Urban Klima 2050 LIFE proiektu integratuaren esparruan egin da

2012an Nazio Batuen Batzar Nagusiak martxoaren 21a Basoen Nazioarteko Eguna izendatu zuen. Donostiako Udalak, basoen babesaren ildotik, 2021-2022 bitartean hainbat ekintza burutu ditu kanpoko espezieak bertakoekin ordezkatzeko 19 hektareako azaleran. Guztira, 18.000 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatu dira.

Basoak, beste gauza askoren artean, funtsezkoak dira klima-aldaketari aurre egiteko, eta aipatutako ekintzak Urban Klima 2050 LIFE proiektu integratuaren esparruan egin dira, hurrengo urteetarako Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handiena, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Oberan finkako baso autoktonoaren leheneratzea (Aiako Harria)

Azken urteetan Oberango hainbat lursail edo unada moztu dira, landatutako espeziearen arabera. 2020an 10,85 hektareako eremu bat moztu zen –enklabearen goialdean–, bertan, batez ere Lawsona altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana) landatua zen, nahiz eta ehuneko txikiagoan pinu larizioa eta itsas pinua ere egon. Lawson altzifrea espezie aloktonoa da eta ingurugiroari kalte handia egiten zion.

Bestalde, Oberango behealdean, 2021-22an, 8,3 ha-ko haritz amerikar (Quercus rubra) lursail bat moztu da. Mozketa amaitu ondoren, bi kasuetan ahalik eta azkarren landatu da, higadura-arazoak saihesteko.

Jarduera horiek Ingurumen sailak sustatu ditu, bai mozketak, bai birlandaketak, eta mendien ingurumen-kudeaketako irizpideak jarraitu ditugu eta udal honetan indarrean dauden itun, akordio eta plan guztien filosofia kontuan hartu dugu, hala nola Klima Plana DSS 2050 edo Agenda 21, udal-titulartasuneko lurretan bertako-espezieak sustatzen dituztenak.

Era berean, kontuan izan behar da Oberan Aiako Harriko Parke Naturalaren eta KBEaren (Natura 2000 Sarea) barruan dagoela, eta balio ekologiko handia eta indarrean dagoen Kudeaketa Plana dituela. Plan horren arabera, espezie autoktonoak eta baso-masa potentzialak sustatu beharko dira, baita babestu gabeko lurrak inolako landaretzarik gabe geratzea saihestu ere, mozketa baten ondoren gertatzen den bezala. Izan ere, malda handiko eta plubiometria handiko lekua denez, euriak eragindako higadurak ingurumen-eragin oso negatiboa izan dezake.

Hariztia eta Añarbeko Basoaren hedapena

Bi kasuetan, espezie autoktonoekin egindako landaketek harizti misto azidofilo bat birsortzea bilatzen dute, Añarbeko harizti-pagadiaren luzapena izango dena, eta jatorrizko basoaren antza izango duena.

Oberanen kasuan, Añarbeko baso gehienak baino hegoalderago orientatuta dagoenez, haritza nagusitu behar da pagoaren gainetik, haritzak nahiago baititu ingurune eguzkitsu eta lehorragoak pagoa baino. Gainera, kontuan hartu behar da haritzaren egoera, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan eta, zehazki, Aiako Harrian, pagoarena baino delikatuagoa dela, eta bultzada handiagoa behar duela, bereziki landaredi naturalak izan beharko lukeen eremuetan, mendi-hegal eguzkitsu honetan, esaterako.

Landatutako hariztiari dagokionez, bai goikoan (2021. urtea), bai behekoan (2022), Quercus robur erabili da nagusiki, bertako haritza, baina beste espezie batzuk sartu dira proportzio txikiagoan, baso potentzialaren osaera naturala birsortzeko asmoz, merkatuan dauden landare-mugen barruan. Hala, haritzaz gain, honako hauek landatu dira: haltzak, urkiak, lizarrak eta oilarakanak (3,54 ha erreken ertzetan) eta otsalizarra, sagarrondoa, udareondoa eta elorri zuria, hariztietan ohikoak diren bigarren mailako espezieen masa txikiak (2 ha), multzoari biodibertsitate handiagoa emateko.


Bertako landareak

Erabilitako landare guztiak jatorri hurbileko hazietatik lortu dira, inguruko espeziearen informazio genetikoa babesteko helburuarekin. Hala ere, azpimarratu behar da goiko aldea landatzeko bigarren mailako espezieetan hornidura-arazoak izan zirela, haztegi komertzialek espezie nagusien erreserbak baitituzte (haritza, pagoa, lizarra...), baina ez da beti erraza bigarren mailako espezieen hornidura aurkitzea, esaterako udareondoak, elorri zuria... zur-ustiapeneko landaketetan eskatzen ez direnak.

Zura ekoiztea helburu duten landaketa horietan zuhaitz-espezie bakarra landatzen da eta landatzeko eta mantentzeko teknikak espezie hori ustiatzera bideratuak daude oso eta biodibertsitate txikiko lekuak sortzen dituzte, eta, beraz, baso natural batetik oso ezberdinak direnak.

Arazo horiek izanagatik, eta goiko zonarako nahi ziren espezieetako batzuen landare nahikorik aurkitu ez bada ere, espero da landatutako aleek beren haziak zabaldu eta, hariztian tartekatuz, landare berriak agertzea modu naturalean gertatzen den bezala.

Datozen urteetan landareen arrakasta ziurtatzeko mantentze-lanak egingo dira, hiltzen diren aleak birjarriko dira, eta Lawson altzifrearen leheneratzea saihestuko da. Izan ere, altzifre horiek inbaditzaileak dira eta ziur asko agertuko dira urte batzuetan.