Breadcrumb

Eduki publikatzailea

"Basoen Artxipelagoa" proiektua

Ia 8000 zuhaitz landatu ditu Udalak Oberanen

Udalak Ecodes Fundazioaren "Basoen Artxipelagoa" proiektuan parte hartzen du, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta laguntzeko helburuarekin.

Kokapen bakoitzari dagozkion espezie autoktonoak erabiliz biodibertsitatea bultzatzeko bidean, udal honek Lawson-eko altzifre-baso bat moztu du. Baso hori orain dela hamarkada batzuk landatu zen, Udal Aurrezki Kutxarekin (orain Kutxabank) garai hartan sinatutako partzuergo baten barruan, Aiako Harriko Parke Naturalaren eta KBEaren barruan dagoen Donostiako Oberan  enklabean. Espezie exotikoa denez eta izaera inbaditzaile nabarmena duenez, iaz moztu genuen. 2021. urtearen hasieran, hainbat espezietako ia 8.000 ale landatu dira, haritzak batez ere (Quercus robur) eta bigarren mailako espezie tipikoak, eremu horretako berezkoa den habitata, harizti mistoa alegia, lehengoratzeko.

Datozen urteotan lan horien bilakaera kontrolatuko da, landare gehienak behar bezala hazten ari direla egiaztatzeko, eta, horretarako, haritzekin lehiatzeko atera daitekeen landaredia moztuko da. Arreta berezia jarriko zaie lurzoru eraldatuen mota horretako aukerak baliatzen dituzten espezie inbaditzaileei eta Lawsonen altzifreen kimu berriei, azken hamarkadetako okupazioaren ondorioz leku horretan ziurrenik dagoen hazi-banku ugaria aprobetxatuz atera daitezkeelako.

Urte batzuetan mantendu eta kontrolatu ondoren, hariztiaren habitata nahikoa indartuta egongo dela aurreikusten da, eta landareek berezko bilakaera duen basoa uzteko moduko tamaina izango dute.

Lan horiek guztiak Europar Batasuneko LIFE programak finantzatutako LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan sartzen dira.