Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Udalak landare inbaditzaileak kendu ditu Ollola eta Zapatari erreketan

2025ean Altzako lau erreketan egin ondoren

Landare inbaditzaileek arazo esanguratsuak sortzen dituzte ekosistemetan, biodibertsitatean, ekonomian eta ingurumen-osasunean, bertako espezieak ordezkatu eta oreka naturalak aldatzen dituztelako. Donostiako Udalak ibilbidea luzea du landare inbaditzaileen aurkako borrokan, horrelako hainbat ekintza garatu ditu eta, 2025ean, esaterako, landare inbaditzaileak kendu zituen Altzako lau erreketan.

2026ko martxoan Ollola eta Zapatari erreken inguruan atzemandako inbaditzaileak kendu dira PluSSS proiektuaren baitan. Nabarmendu behar da landare guztiak eskuz edo tresna arinak erabilita erauzi direla, makineria astuna erabiltzea saihestuta, betiere, Uraren Euskal Agentziak, URA-k, landare inbaditzaileak kudeatzeko jardunbide egokien eskuliburuan zehaztutakoaren arabera. Bestalde, neurri bereziak hartu dira erauzitako landareen zatiak ez barreiatzeko eta, ondoren, Zubietako erraustegira eraman ziren bertan desegiteko.

Barkaitegiko Ollola erreka 

3.184 metroko luzera duen erreka hau Oriamendi inguruan sortu eta Martutenen elkartzen da Urumea ibaiarekin Barkaiztegi sagardotegi ondotik pasatu ostean. Erreka honen ertzetan hainbat espezie inbaditzaile detektatu ziren baina azalera gehien betetzen zutenak honakoak ziren: Tradescantia fluminensis, Fallopia japonica, Crocosmia spp. eta Phyllostachys spp

Besteak beste, Tradescantia fluminensis deritzon landare inbaditzailearen 12-13 tona kendu ziren erreka ondoko eremutik.  Halaber, errekaren ingurutik 80 kg hondakin jaso ziren, batez ere Urumea ibaitik gertuen dagoen zatitik.

Luis Villasante parkea

Parke hau Zarautz kalea (Ibaeta) eta Manuel Vazquez Montalban (Aiete) kaleen artean kokatuta dago. Eremua Zapatari errekak eta izenik gabeko beste erreka batek zeharkatzen dute. Hemen ere hainbat espezie inbaditzailek erreka ondoko eremuak bete dituzte. Kasu honetan Tradescantia fluminensis eta Cortaderia selloana ziren espezie ugarienak. Parke honetan Tradescantia fluminensis espeziearen 25-26 tona atera dira.

Zure iritzia jakin nahi dugu

Esteka honetan hiriko ibai eremuei buruz, eta zehazki proiektu honen inguruko, herritarren iritzia ezagutzeko prestatutako inkesta duzu. Zinez eskertzen dizugu inkesta betetzea.

Jarduketa hau Donostiako euri-uren eta erreken ingurumen-kudeaketa jasangarria (PluSSS) proiektuaren esparruan egin da. Proiektu horrek  Ministerio para la Transición Ecológica y el Reto Demográfico (MITECO)-ren Fundación Biodiversidad erakundearen laguntza du, Europar Batasunak – NextGenerationEU – finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2026/03/31n argitaratuta