Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Aurten berriro San Agustin eguna ospatuko da Artikutzan
Bertan postu bat jartzeko baimena eskatzeko epea irekita
Covid 19ko pandemiak bi urtez bertan behera utzi ondoren, aurten Artikutzako San Agustin eguneko jai tradizionala berreskuratuko da. Beti bezala, abuztuaren 28an Artikutzako ateak irekiko dira, nahi duen orok leku adierazgarri honetara hurbildu eta ezagutu ahal izan dezan.
Kutsu tradizionaleko festa da, eta urteak pasatzen ez direla itxura duen agertoki batean egiten da, Artikutzako herrixkan, hain zuzen. Horrez gain, tradizio handia dute inguruko udalerrietako biztanleek -hala nola Goizueta, Lesaka, Oiartzun, etab.- San Agustin festara joateko, askotan oinez. Donostiatik, Errenteriatik, Irundik eta inguruko beste herri batzuetatik ere jende asko hurbiltzen da.
Postua jartzeko baimena
Donostiako Udalak jarduera programa bat antolatuko du eguna girotzeko, pilota eta herri kirolak ardatz hartuta. Era berean, txosnak edo lokalak jarriko dira, bertara hurbiltzen diren guztiak janariz eta edariz hornitzeko edo produktu mota ezberdinak erakutsi eta saltzeko postuak, hala nola pastelak, gazta, taloak, artisautza, etab. Ekainaren 30era arte zabalik egongo da postu bat jartzeko baimena eskatzeko epea.