Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Morlanseko Santa Teresa erreka birnaturalizatu egin da

Naturan oinarritutako soluzioak erabili dira ekosistema ibaitarragoa lortzeko

Gure lurraldeak orokorrean, eta Donostiak bereziki, iraganean izan zituen hirigintza-garapenek eta urbanizazio lan ereduek udalerriko ibai-sarea eraldatu zuten.

Batetik, ibilgu txiki askoren trazadura lurperatu eta aldatu zutelako, eta bideratu zituztelako hormigoizko kanaletatik. Bestetik, errekasto asko agerian gelditu arren, euren ubideak hormigoitu egin zirelako eta, horrez gain, bihurguneak kendu zitzaielako. Eta beste kasu batzuetan, ibai-landaredia erabat aldatu zelako, ibai-ingurunerako egokiak ez ziren espezieak landatuta edo lorategidun soropilak errekaren ertzeraino mantenduta. Are gehiago, gaur egun ikus daiteke erreken ertzetan landaredi aloktono desegokia, batzuetan inbaditzailea, ibaiertzeko berezko landaredia lekuz aldatzen duena eta inguruan eman beharreko ibai-habitatak aldatzen dituena. Eraldatutako ibilgu horiek guztiek egoera tamalgarria dute.

Egungo egoera ezagutzeko helburuarekin, Donostiako Udaleko Ingurumen Osasunaren eta Iraunkortasunaren Zerbitzuak badarama hamarkada bat baino gehiago udalerriko erreken ibai-sare garrantzitsuari buruzko informazioa biltzen, eta berretsi ahal izan du kasu gehienetan nabarmen artifizializatuta daudela. Egoera hori aldatzeko asmoarekin, Zerbitzuak urteak daramatza erreka eta errekasto horiek birnaturalizatzen.

 

Errekari dagokion ekosistema lortzea helburu

Eraldatutako erreka horien artean dago Morlanseko Santa Teresa erreka. Arbaitzaeneako hegaletik, aldapa handiarekin iragan ondoren, Morlans errekara isurtzen ditu bere urak bidegorriaren parean. Azken hori ere erabat eraldatuta dago, Morlans eta Amara auzoak eraikitzeko kanalizatu eta lurperatu baitzen. Santa Teresa errekaren ingurua aldatua izan zen: lehenengo, Donostia-Bilbo trenbidea egiteko, eta, gero, bidegorria eraikitzeko, eta, ondorioz, ibilguaren azken 18 metroak hormigoiarekin estaliak izan ziren.

Azken metrook dira birnaturalizatu direnak ekosistema ibaitarragoa lortzeko asmoz. Horretarako, naturan oinarritutako soluzioak (NOK) erabili dira; hala, jarduketa errekaren inguru horretan erabat integratuta geratu da hainbat ekintzaren bidez:

  • Ibilgua estaltzen zuen hormigoizko kanaletaren zati handi bat kendu egin da, eta haren ordez, harrizko eta egurrezko arrapala mailakatu bat jarri da.
  • Sahats aldaxkak sartu dira ibaiertzak babesteko.
  • Zurezko bilbadura sinpleak eraiki dira hegalaldeak sendotzeko, errekaren puntu jakin batzuetan.
  • Oztopo txikiak sartu dira zokoguneak sortzeko eta ibai-habitatak garatzeko.
  • Ligustrum japonicum espezie inbaditzailearen oinak kendu, eta akaziak eraztundu dira, eta sahatsak, haltzak eta lizarrak aldatu dira erriberako landaredia berreskuratu eta galeria-baso tipikoa lortzeko asmoarekin

 

Jarduketa hau Donostiako euri-uren eta erreken ingurumen-kudeaketa jasangarria (PluSSS) proiektuaren esparruan egin da. Proiektu horrek  Ministerio para la Transición Ecológica y el Reto Demográfico (MITECO)-ren Fundación Biodiversidad erakundearen laguntza du, Europar Batasunak – NextGenerationEU – finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan.