Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Tarifa elektriko berria ordutegi-tarteen arabera
Argindarraren faktura aldatu egingo da ekainetik aurrera
Ekainaren 1ean sartuko da indarrean argindarraren faktura berria, eta etxe guztiei eta enpresa txiki eta ertainei eragingo die. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (MLBN) eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka demografikorako Ministerioaren arabera, helburua kontsumo eraginkorragoa sustatzea eta eskaria sarearen saturazioa txikiagoa den aldietara mugitzea da.
Horretarako, hiru ordu-tarte ezarri dira, eta tartearen arabera bi potentzia desberdin izateko aukera.
Ordutegi-tarteak
Orain arte, egunean zehar prezio bakarra izateko aukera zegoen, edo ordutegi-diskriminazioko tarifa bat izateko aukera. Tarifa berriak aukera horiek ezabatzen ditu eta hiru ordutegi-tarte dituen modalitate bakarra ezartzen du:
Sakonune tartea, hau da, merkeena, gauerditik goizeko 8etara bitartean izango da, asteburu osoan eta jaiegunetan.
Haran tartea edo bitartekoa 08:00etatik 10:00etara, 14:00etatik 18:00etara eta 22:00etatik 24:00etara izango da.
Azkenik, punta tartea, guztietan garestiena, 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara bitartekoa izango da.
Laburbilduz, labea piztea, arropa garbitzea edo aldi berean hainbat etxetresna elektriko piztuta edukitzea merkeagoa izango da eguneko edo asteburuko ordu jakin batzuetan.
Gomendio orokorra kontsumo altuenak (garbigailuak, lehorgailuak, plantxak) asteburura mugitzea edo etxetresna elektrikoak programatzea da, tarte merkeenetan funtziona dezaten.
Argindarraren faktura berriak dakarren beste berritasun bat da bi potentzia desberdin izateko aukera, adibidez, bat baxuagoa kontsumo gutxien aurreikusten den orduetan (punta eta haran tarteetan), eta beste bat altuagoa kontsumoak kontzentratzea aurreikusten den orduetan (sakonunea). Horri esker, kontratatutako potentzia hobeto doituko da benetako beharretara, eta, horrela, fakturaren kostu finkoa murriztuko da.
Tarifa berria automatikoki aplikatuko da eta kontratatuta zegoen potentzia mantenduko da; beraz, bi potentzia desberdin aukeratuz gero, dagokion kudeaketa egin beharko da. Sistema berrira errazago egokitzeko, potentzia bi aldiz aldatu ahal izango da 2021eko ekainaren 1etik 2022ko maiatzaren 31ra bitartean, inolako kosturik gabe, aurretik kontratatutako potentzia handitu nahi ez bada behintzat.
MLBNren arabera, faktura-modalitate berri horrek mesede egingo die orain arte 2.0 a tarifa zuten etxeei edo enpresa txikiei, hau da, egun osoan elektrizitatea kontsumitzeagatik gauza bera ordaintzen zutenei, faktura urtean 17 euro inguru murriztu baitezakete.
Aitzitik, orain arte ordutegi-diskriminazioko tarifa edo 2.0 DHA tarifa izan dutenei urtean 24 euro inguru igo ahal izango zaie faktura.
Nolanahi ere, garrantzitsua da kontuan hartzea elektrizitate-faktura murriztu daitekeela eskaria murriztuz, hau da, argiaren eta etxetresna elektrikoen kontsumo eraginkorragoa eginez, potentzia benetako beharretara egokituz eta kontsumoak tarte ekonomikoenetara mugituz.
Argindarraren faktura berriari buruzko informazio gehiago:
https://www.cnmc.es/la-nueva-factura-de-la-luz
Etxean energia-kontsumoa murrizteko aholkuak eta jarraibideak:
https://www.donostia.eus/ataria/web/ingurumena/klima-aldaketa/donostia-co2