Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Donostiako etxebizitza eta apartamentu turistikoak, jasangarritasuna hobetzeko lanean

Proiektua Donostia Zero Plastik ekimenaren barruan kokatzen da

Donostiako udala azken hilabeteetan hiriko turismo sektorea jasangarriago egiteko lanean dihardu, Zero Plastik ekimenaren baitan, izan ere, sektore garrantzitsua da hirian eta gainera Donostiara etortzen diren turistek ingurumen alderdien zaintzari gero eta garrantzi handiagoa ematen diotela atzeman da.

Ekimen honen baitan, Udaleko Ingurumen Sailetik, Donostia Turismoarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, hiriko hotelei beraien jasangarritasuna hobetzen lagundu eta hondakinen sorrera prebenitu eta kudeaketa hobetzea helburu duen aholkularitza-zerbitzu bat eskaini zaie. Hotelen ondoren, orain, etxebizitza eta apartamentuen txanda iritsi da, Zero Plastik ostatuak: etxebizitza eta apartamentu turistiko jasangarriak proiektuaren bidez.

Helburuak

Proiektu honen helburua da batetik ingurumen gaietan jardunbide egokiak zabaltzea, eta bestetik, hiriko etxebizitza eta apartamentu turistikoek beren jardueran sortutako hondakinak gutxitzea eta kudeaketa hobetzea. Horretarako udalak hainbat material prestatu ditu, Aparturerekin (Euskadiko etxebizitza turistikoen elkartea) lankidetzan:

  • Etxebizitza/apartamentu turistikoetako jabeentzako jardunbide egokien gida

  • Etxebizitza/apartamentu turistikoetako enpresa kudeatzaileentzako jardunbide egokien gida

  • Bezeroei zuzendutako jardunbide egokiak

Jardunbide egokien gida

Urtarrilean baliabide hauek aurkeztu eta materiala banatzeko saioa egin zen, zeinean apartamentu eta etxebizitza kudeatzen dituzten enpresetako ordezkari eta jabe partikularrek parte hartu zuten. Bileran parte hartzerik izen ez zuten edo interesa duten apartamentu eta etxebizitzetako jabeek jardunbide egokien dokumentuak eskuragarri dituzte Donostiako Udalaren ingurumen atarian.

Hiriko etxebizitza eta apartamentuei proiektu honekin aurrera jarraitzera animatzen zaie eta etxebizitza edo apartamentu turistikoetan ingurumen-jardunbide egokiak ezartzera, bai eta bezeroei beraiek egin ditzaketen jardunbide egokiei buruzko informazioa helaraztera ere.