Breadcrumb
Errekak eta errekatxoak
Errekak eta errekatxoak
Oro har, ibaien ibilguetatik hurbil dauden lurretan izandako erabilerak ez dira beti errespetuzkoak izan ekologiaren ikuspegitik, eta, horrenbestez, ibaiek eta errekek hainbat ingurumen inpaktu jasan dituzte, hala nola isurketak, ibilbidea aldatzea, jatorrizko landaredia desagertzea eta abar.
Horregatik Udaleko Ingurumen Sailaren helburuetako bat da hiriaren garapenak, batez ere landa guneetan, ahalik eta eragin kaltegarri txikiena izatea udalerriko ibai sare txikiaren osotasunean, eta ibilguen morfologia zein haiei lotutako ekosistemak errespetatzea. Hori guztia bat etorrita tokiko Agenda 21ean, Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean, Uraren Esparru Zuzentarauan eta beste zenbait arautegitan onartutako ideiekin, bai eta erreken goialdea eta aldameneko lurrak ondo kudeatzeak, leku horietan ez ezik, ibaiak behealdean ere izan ditzakeen arazoetan eragin onuragarri handia izan dezakeelako printzipioa errespetatuta ere.
Normalean, ez da arreta handirik jarri auzoetan udalerria zeharkatzen duten erreketan, errekastoetan eta ibilgu txikietan. Gehiago urbanizatuta dauden inguruak zeharkatzen dituztenetan, ur bide horietako gehienak lurpean daude, kanal moduan egiten dute bidea gure kaleen azpitik, eta ibaien edo erreken ia ezaugarri guztiak galdu dituzte. Askotan, zoritxarrez, berandu izan daiteke elementu natural hori leheneratzeko.
Baina inguru landatarrenetan, oraindik erreka sare zabala dugu, eta batzuetan erriberako landaredi interesgarria dago, ibaiertzeko baso txikiak osatuta. Inguru horietan, errekastoaren morfologia askotan aldatu da, eta aldatzen jarraitzen da, eragin txikiagoko beste neurri batzuekin bete daitezkeen premia txikiak betetzeko. Besteak beste, hauek egin dira: kanalizazioak, ibilguak hormigoiztatzea, erriberako landaredi tipikoa kentzea, presa txikiak....
Departamentu hau, Uraren Euskal Agentziarekin (URA) eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, egungo elementu artifizialak zaharberritzeko eta egoera onean dauden ur ibilguak babesteko lan egiten ari da, indarreko legedia kontuan hartuta.
Lehendabizi, erreka horien kartografia egin da, eta zer egoeratan dauden ebaluatu, ingurumen irizpideak erabiliz (uraren kalitatea, hondoaren eta ertzen naturaltasuna, bazterretako landaredia, erriberako jarduerak, hondakinak…).
Geroago, aurkitutako artifizialtzeetako batzuk aztertu dira, eta erregistratu (kokapena, neurriak, ezaugarriak…), eta barrerak kentzeko lanak hasi dira; lehendabizikoak URA agentziak kendu ditu gure laguntzarekin.
Egun, batera lan egiten ari da erreka bat naturalizatzeko (erriberako landaredia bultzatuz beste landare espezie batzuen aldean, arrokak jarriz hormigoi jauzi txiki bat konpontzeko...).
Hurrengo urteetan, lan ildo berarekin jarraituko dugu, goialdeko ur ibilguek, oso emari txikia izan arren, ingurumen garrantzi handia dutelako; izan ere, elkarreragina dute lurraldearen zati handi batekin, oso sakabanatuta daudelako, eta, gainera, kasu honetan, Urumea ibaiaren sare hidrologikoaren oinarria dira.
Azkenik, gogorarazi behar da ur ibilgu txiki horiek, ziklo hidraulikoan izan dezaketen eraginaz gain, fauna eta flora espezie askorentzat beharrezko habitatak direla berez, bai eta korridore ekologiko bikainak ere. Era berean, nabarmendu behar da erreka politek herritarrengan oro har paisaia eta zentzumen eragina izaten dutela.
Donostiako erreka eta errekatxoen mapak ikusteko, egin klik esteka hauetan: