Ongi etorri eskolara! Kulturarteko bizikidetza eskola komunitatean
Kultur Aniztasun Bulegoak Donostiako hainbat ikastetxetan Ongi etorri eskolara! egitasmoa bultzatzen du 2016-2017 ikasturtetik aurrera. Xedea eskola komunitatetik abiatuta, beste herrialde batzuetatik datozen familien inklusioan laguntzea eta eskolako eragile guztiak kultur aniztasunaren abantailez jabetzea da.
Proiektuak eskola eta komunitate inklusibo baterantz kulturarteko eredu pedagogikoa martxan jartzeko akonpainamendua eskaintzen du. Helburua kultur aniztasuna lantzea da kulturarteko ikuspegi batetik, irakasleen, familien, ikasleen eta auzoko hainbat eragileen parte hartzearen bidez.
Ongi etorri eskolara! egitasmoaren barruan, asko dira garatzen diren jarduera eta programak. Esanguratsuenen artean daukagu “Familia Laguna” programa, honek gizarte eta hezkuntza arloetan akonpainamendua eskaintzen du hurbiltasun harremanen bitartez, Donostiara herrialde ezberdinetatik emigratu duten familiak eta adin bereko seme-alabak dituzten familia euskaldunak harremanetan jarriz.
Hala, gaur egun Donostiako 9 ikastetxetan ari da garatzen programa hau: Aitor ikastolan, Mª Reina eskolan, Intxaurrondo ikastolan, Zuhaizti eskolan, Orixe eskolan, Amara Berri eskolan, Jakintza Ikastolan, Katalin Erauso ikastetxean eta Aranzazuko Ama ikastolan.