Breadcrumb

MUSIKA ENTZUNALDI AKTIBOAK

Musika Entzunaldi Aktiboak 2023-24!


1995az geroztik, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Haize eta Perkusioko irakasleok hiriko haurrentzako kontzertuak egiten ditugu, 6 urtetik 10era bitartekoentzat.

Kontzertu horiei, entzunaldi aktiboak deritzegu. Musika eta antzerki ikuskizun didaktikoak dira. Ikuskizun horien bitartez, musika kontzeptuak esplikatzen ditugu, zuzenean interpretatutako adibideen laguntzaz eta musikariek eurek egindako antzezpenen euskarriarekin.

Kontzertu horien helburu nagusia da musikaren zaletasuna piztea eta instrumentu jarduna sustatzea, gazteenen artean, adin horietako haurrekin modu atsegin eta parte hartzailean lan egitera ohitutako musikarien eskutik instrumentuak ezagutzeko aukera emanda.

Haurrei hurbilak eta entzun errazak egiten zaizkien obrak erabiltzen ditugu. Haurrentzako serie eta filmetako edo egungo iragarkietako gaiak bilatzen ditugu. Melodia horiek bereziki moldatzen ditugu gure bandarako, baina batzuetan ez ditugu aurkitzen aurkezten dugun gidoirako pieza egokiak, eta geure gaiak konposatzera eta moldatzera jotzen dugu. Pixkanaka, bestelako obrak sartuz goaz, haien entzute aktiboa heltzen den eta entzuten duten musika aztertu eta ulertzeko gai bilakatzen diren neurrian.

Ahaleginak egiten ditugu lan dinamikoak izan daitezen, eta erritmoa ematen saiatzen gara, ikus-entzunezko bitartekoak (bideoak eta aurkezpenak) erabiliz, baita baliabide teatralagoak ere: “Egun bat zirkuan” emanaldian zirku bat antzezten dugu, artista izan nahi duen pailazo bat duena; “Marina, lapurra eta eskalaren notak” emanaldian, joera txarreko irakasle bat, alaba itsuari kanpai batzuk opari egiten dizkiona, eta kanpai horiek musika gorrotatzen zuen lapur bat liluratuko dute; “Instrumentuen Pasarelan” Haize eta perkusiozko instrumentuak erakusteko instrumentuen benetako desfile bat antolatu dugu, pasarela eta guzti!; “Hertzio eta Dezibelliaren maitasun istorioa”-n Hertziorekin eta Dezibelliarekin maitasun istorio erromantiko bat bizi izango dugu, soinuaren nolakotasunen kontura; eta gure “Musikortxea jatetxean” bada chef bat, ero samarra, munduko jatetxe onenaren “Urrezko Kortxea” irabazten saiatuko dena, bere laguntzaileekin. Hori dena oinarrizko musika Formak erakusteko. Irakasleok, jotzeaz gainera, landu nahi diren edukiak dibertigarriago eta grafikoago egiteko pentsatutako rolak jokatzen ditugu. 

Ikasleek irakasleek proposaturiko ariketetan eta jokoetan parte hartzen dute, eskema erritmikoak errepikatuz, melodiak abestuz, elkartearekin batera musika pieza batzuk interpretatuz, eta, kontzertu bakoitzaren bukaeran, baita banda zuzenduz ere. Kontzertuak eskolako areto nagusian egin ohi dira, ikasturteko ostiral guztietan, eta 55 bat minutu irauten dute, salbu eta Egun bat zirkuan kontzertuak, txikienentzakoa denez 40 minutu irauten baitu.

INFORMAZIO GEHIAGO