BANNER LATERAL CONTACTA TXISTULARIS

Aurkezpena

Donostiako Udalaren Txistulari edo Danbolin-jole Bandaren aurkezpena


Donostiako Udalaren Txistulari Bandaren argazkia

Hiru zuloko txirula, jatorrian kultura askok ezagutu badute ere, planetako toki bakar batzuetan baino ez da landu musika kultuko instrumentu gisa. Normalean danbolinaren laguntzaz jotzen da eta, hori dela eta, biok osatutako taldeari danbolin, tambourin, tambourino eta antzeko izenak ematen zaizkio.

Euskal kulturan, flauta mota hori, mendeetan zehar (egitura jakin bat, afinazio egokia eta tinbre berezia eman dizkion prozesu baten bidez), txistu izeneko tresna bilakatu da. Lehen esan bezala, hiru zulo baino ez ditu, eta ez du bat ere giltzarik.

Euskaldunek egiten dituzten jai eta ekitaldi herrikoi guztietan txistuaren soinua aditzen da: ekitaldi ofizialetan eta erromerietan, elizetan eta futbol partidatan....

Txistuak Euskal Herrian zer-nolako garrantzia duen jakiteko, Txistulari Elkartea ikusi besterik ez dago, ia bi mila kide ditu eta. Euskal kulturak instrumentu horri atera dion eta gaur egun ere ateratzen dion etekina erakusteko erakunderik egokiena

Donostiako UDALAREN TXISTULARI BANDA da.

Donostiako txistulari tradizioa, seguruenez, Euskal Herriko garrantzitsuena da. Juan Ignacio de Iztueta folkloristaren testigantzari esker, badakigu Donostiakoak kalitate handiko txistulariak izan direla XIX. mendeaz geroztik behinik behin. Eta, horien artean,

udal txistulariak besteentzako eredu izan dira: Eusebio Basurko, Isidro Ansorena, Javier Hernández Arsuaga, Jose Ignazio Ansorena.

Partaideak


Donostiako Udalaren Txistulari Bandako partaideak

Donostiako Udalaren Txistulari Banda zortzi musikarik osatzen dute. Eginkizun ugari eta askotarikoak ditu. Gaur egungo

formazioa (José Igancio Ansorena, Aitor Arozena, Jagoba Astiazaran, Juan Vega, Ion Irazoki, Jokin Kanpion, Agustín Laskurain, Francisco Lera, Julio García eta Aitor Gastón) ez da, inola ere, aurrekoak baino kaskarragoa. Are gehiago, urrutiagoko mugetaraino iritsi da.

Ez da harritzekoa, kontuan izanda bandako kideek gogotik landu dituztela instrumentuaren alderdi desberdin asko, tradizionalak batzuk eta berri-berriak besteak. Errepertorio herrikoia ondo baino hobeto ezagutzen dute eta ganbera musika ere jotzen dute, bakarka nahiz beste ahots zein instrumentu talde batzuekin batera. Errepertorio aberatsa, askotarikoa eta kalitate handikoa dute.

Musikari horietako sei txistulari edo danbolin-joleak dira, hau da, euskal txistu eta danbolinaren familiako tresnak jotzen dituzte (txirula edo txilibitua, txistua eta silbotea, zein bere danbolinarekin) eta beste biak perkusio jotzaileak dira. Denak musikari profesionalak eta tituludunak dira eta, musika jotzeaz gain, irakasle lanak ere egiten dituzte Donostiako Udalaren Musika

Eskolan. Haietako bik, gainera, tronpeta jotzen dute.

Udal bandako txistulariek, tresna tradizional horiez gain, beste hauek ere jotzen dituzte: teklatuak, baxu elektrikoa, perkusio

arloko asko (marinba, lira, e.a.), flauta eztiaren familia, kornetoa, serpentoia... Eta maiz, tokiaren eta momentuaren arabera, beste musikariekin batera jotzen dutenez (tronpeta, fagota, biolina... edo ahotsak), TALDE POLINSTRUMENTAL ETA ALDAKORRA dela esan ohi da.

Agerraldiak


Donostiako Udalaren Txistulari Banda udaletxean

Goian adierazitako moduan antolatzen direnez, Udalak eskatzen dizkien tankera guztietako betebeharrei erantzun ahal izaten diete: protokolozko ongi etorri zeremoniak, obra publikoak inauguratzeko ekitaldiak, harreretan eta antzeko ospakizunetan girotze lanak egitea nahiz kontzertuak ematea...

Gainera, herri zerbitzuko eginkizun tradizionalak ere betetzen dituzte: igandeetako alboradak, jaiegunetan hainbat plazatan ematen diren eguerdietako kontzertuak, dantza herrikoiei laguntzea (erromeriak, soka dantzak...), auzoetako jaiak... Musikari lotutako bestelako ekintza askotan ere parte hartzen dute: Donostiako abesbatzekin eta dantza taldeekin lan egiten dute, Ganbera Musikako kontzertuak ematen dituzte...

 

Historia pixka bat


Imagen 2Donostiako danbolin-joleek betidanik izan dute ospe handia. Juan Ignacio Iztuetak, lehen folklorista ezagunak, honakoa idatzi zuen 1824. urtean: "Donostiako auzoetan zortzi danbolin ere ikusi izan ditut batera, jai egun guztietan jotzen zutenak."

Gaur egungo txistularien maila ez da garai hartakoena baino kaskarragoa. XX. mendean izan dituen zuzendariak (Eusebio Basurko, Javier Hernández Arsuaga, José Ignacio Ansorena) euskal danbolinaren maisutzat hartu izan dira eta gaur egun ere halakotzat jotzen dira.

Bestalde, azken hogeita hamar urteotan tresna horrek izan dituen berrikuntza guztiak ere (instrumentua egiteko modua bera, teknika eta pedagogia, ezagutze ofiziala, diskogintza, arlo eta musika berrietako lanak) txistulari donostiarren eskutik etorri dira. Gaur egun, Jose Ignazio Ansorenak, Isidro Ansorenaren bilobak, zuzentzen du taldea.

 

Aurreko Donostiako Udalaren Txistulari Bandaren argazkia