Ingurumen-osasuna

Sartu kutsadura akustikoaren eta/edo usain txarren aurrean kexa egiteko izapidera
Sartu igerilekuak irekitzeko erantzukizunpeko adierazpenaren komunikazioa egiteko izapidera

Intereseko informazioa

Udalerriaren eta Udalaren berotegi efektuko gasen isuriak

Udaleko Ingurumen Atala 2005. urtetik ari da kalkulatzen udalerriko berotegi efektuko gasen (BEG) inbentarioa, Udalsarea21 Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareak sortutako tresna erabiliz.

Kutsadura akustikoaren kezka gero eta handiagoa da sortzen dituen eragozpenengatik eta osasunean izan ditzakeen ondorioengatik. Horregatik, Udalean hainbat neurri garatzen ari gara azken urteetan.

Araudia eta jarduera-planak

  • Udal ordenantza (2000. urtea): zarataren eta bibrazioen aurrean ingurumen-kalitatea hobetzeko lehen araudi espezifikoa.
  • Ingurumen-zaratari buruzko legedian (1) ezarritako eskakizunei jarraituz hartutako neurriak:
    • Udalerriko zarataren mapa estrategikoa.
    • Kutsadura akustikoaren aurkako ekintza-plana.
    • Babes akustiko bereziko eremuetarako plan zonalak.
  • Ordenantza berria (2022): hiriko esparru juridikoa eguneratzen du zarataren aurkako babesa indartzeko.

(1) 2002/49/EE Zuzentaraua, ingurumen-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzkoa; 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa; 1513/2005 Errege Dekretua, Legea garatzen duena ingurumen-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokionez; 1367/2007 Errege Dekretua, Legea garatzen duena zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez, eta eremu akustikoei aplikatu beharreko zarata-kalitatearen helburuak ezartzen dituena; eta 213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa.

Hiriak airearen kalitatea neurtzeko 6 estazio ditu Eusko Jaurlaritzako Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen barruan daudenak. Kontsultatu hiriko estazioetako airearen kalitateari buruzko informazio eguneratua.

Gure hirian espezie inbaditzaile hauek identifikatu dira:

  • Fauna:
    • Liztor asiarra (Vespa velutina)
       
  • Flora:
    • Panpa-lezka (Cortaderia selloana)
    • Chilca (Baccharis halimifolia) 
    • Tximeleta zuhaixka (Buddleja davidii)
    • Belar korapilotsu japoniarra (Fallopia japonica)

Zer egin liztor asiarraren habia bat ikusiz gero?

  • Jarri harremanetan Udaltzaingoarekin 092 telefonoan
    • Adierazi kokaleku zehatza
  • Ez hurbildu habietara eta ez zirikatu liztorrak. Ez eragin defentsan jartzeko beharra sentitzea
  • Ez saiatu habiak kentzen (ezta bigarren mailakoak ere)

2009tik aurrera ikerketak egiten dira espezie inbaditzaileen presentzia aurkitu eta erregistratzeko. Hala ere, haien presentzia azkar aldatzen da bi arrazoi hauengatik:

  • Azkar hedatzeko duten gaitasuna.
  • Espezie horiek kontrolatzeko egiten diren ekintzak.

Animalien kasuan, haien mugikortasunak are gehiago zailtzen du kokapena jakiteko lana.

Legionelosia Legionella pneumophila bakteriak eragindako gaixotasuna da.

Legionella bakterioa modu naturalean uretan aurkitzen da, bereziki laku, ibai eta urmaeletan, baina lur hezeetan ere egon daiteke. Mundu osoan aurkitzen da eta ur-sistema artifizialetan ugal daiteke, haiek behar bezala kontrolatzen ez badira.

Zer egin legionelosia kasu bat gertatzen denean?

Derrigorrez deklaratu beharreko gaixotasuna da; horrek esan nahi du iturri berarekin erlazionatutako kasuak antzemateko sistema bat eratuta dagoela.

Kasu bat identifikatzen denean, urrats hauek jarraitzen dira:

  1. Inplikatuta egon daitezkeen instalazioak identifikatu.
  2. Instalazio horien zaintza indartu.
  3. Neurri zuzentzaileak aplikatu, hala nola: 
    • Instalazioaren garbiketa eta desinfekzioa.
    • Beharrezkoa bada, egiturazko eraberritzea.
    • Kasu larrietan, instalazioaren gelditze osoa edo partziala.

Bakterioa naturan kantitate txikitan dago, baina ur-sistema artifizialetan ugal daiteke ur geldoa eta zikinkeria dagoenean. Horrek geruza bat sortzen du non bakterioa ugaltzen den eta arriskutsua izan daitekeen.

Instalazioan aerosolak sortzen dituen sistema bat badago, bakterioa airean barreia daiteke. Kutsatutako tantak airean esekita gera daitezke eta arnastean, pertsonen biriketara iritsi.
Arrisku-instalazioen artean hauek daude:

  • Hozte-dorreak.
  • Etxeko ur sistemak.
  • Spa eta jakuzziak.
  • Industria-zentral hezetzaileak.
  • Iturri apaingarriak.
  • Aspertsio bidezko ureztatze-sistemak.
  • Suteen aurkako ur-sistemak.

487/2022 Errege Dekretua

  • Egitura eta funtzionamendu baldintzak betetzea.
  • Legionella saihesteko mantentze-lan eta kontrol egokiak egitea.
  • Ekintza guztiak Legionella Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Planean (LPKP) edo Legionellaren aurkako Osasun Planean (LOP) jaso behar dira.
  • Plan hori instalazioaren arduradunak egin behar du.
  • Donostiako Udala da legionellaren kontrolatzeko ardura duen osasun-agintaritza.
  • Arrisku-instalazioetan aldizkako ikuskapenak egiten ditu.
  • Ikuskapen horiek indarrean dagoen araudia betetzen dela ziurtatzeko egiten dira.
  • Arazoak aurkitzen badira, haiek zuzentzeko eta arriskua murrizteko neurriak aplikatzen dira.
  • Hartu beharreko neurriak izan daitezke, besteak beste, egiturazko arazoak konpontzea, funtzionamendu-akatsak edo mantentze-lanen falta zuzentzea eta abar.

Igerilekuek osasunerako onura ugari ematen dituzte, baina behar bezala kudeatzen eta erabiltzen ez badira, zenbait arrisku ekar ditzakete:

  • Arrisku fisikoak: istripuak, erorikoak, kolpeak edo itotzeak.
  • Arrisku kimikoak: produktu kimikoen isuriak edo uretan nahiz airean substantzia toxikoen maila altuak.
  • Arrisku biologikoak: uretan, airean edo gainazaletan osasunari eragin diezaioketen mikroorganismoak egotea.

Arrisku horiek murrizteko, ezinbestekoa da instalazioa ondo kudeatzea eta erabiltzaileei informazio egokia ematea, haien jokaerak zuzenean eragiten baitu segurtasunean eta uraren kalitatean.

Igerilekuen kontrol eta zaintzaren ardura

Igerileku baten funtzionamendu egokia instalazioaren titularraren erantzukizun esklusiboa da. Horrek esan nahi du beharrezko kontrol eta zaintza lanak egiten direla bermatu behar duela, erabiltzaileentzako arriskuak saihesteko.

Igerileku motaren araberako autokontrol planak

  • 1 eta 2 motako igerilekuak:
    • Autokontrol plan bat diseinatu eta aplikatu behar dute, kontrol eta zaintza neurriak zehaztuz.
    • Egindako jarduera guztiak erregistratzea derrigorrezkoa da.
  • 3A motako igerilekuak:
    • Autokontrol plan bat ezarri behar dute, baina sinpleagoa.

Donostian, igerilekuei buruzko araudia betetzen dela gainbegiratzea Udalaren ardura da.

1. Erabilera publikoko igerilekuak

Herritar guztiei edo erabiltzaile talde zehatz bati irekita daudenak dira. Honela banatzen dira:

  • 1 mota: Urari lotutako jarduera xede nagusi duten igerilekuak, hala nola igerileku publikoak, aisialdikoak, ur parkeak eta spak.
  • 2 mota: Beste jarduera nagusi bat osatzen duten igerilekuak, adibidez hoteletakoak, turismo ostatuetakoak, kanpinetakoak edo osasun zentroetakoak.

2. Erabilera pribatuko igerilekuak

Familiak eta gonbidatuek soilik erabiltzen dituztenak, alokairu etxeetako igerilekuak barne. Hauek dira:

  • 3A mota: Etxejabeen komunitateetako, landetxeetako, agroturismoetako eta unibertsitate egoitzetako igerilekuak.
  • 3B mota: Familia bakarrentzako igerilekuak.
1, 2 eta 3A motako igerilekuek (20 etxebizitza baino gehiagoko etxejabeen komunitateen kasuan) irekiera jakinarazi behar diote Udalari denboraldia hasi aurretik.

Igerilekuan jokabide egokia izateak istripuak saihesten laguntzen du, eta gainera arrisku kimiko eta mikrobiologikoak murrizten ditu.

Arrisku fisikoak prebenitzeko

Itotzeak, erorikoak edo lesioak saihesteko, jarraitu aholku hauek:

  • Ez egin salto buruz baimendutako guneetan izan ezik.
  • Ez egin korrika igerilekuaren inguruan.
  • Zaindu haurrak uneoro, batez ere txikienak.
  • Itxaron denbora nahikoa jan ondoren bainatu aurretik.
  • Atera uretatik sintoma arrarorik nabarituz gero, hala nola hotzikarak, nekea, zorabioa edo buruko mina.

Arrisku kimikoak prebenitzeko

Uraren produktu desinfektatzaileek materia organikoarekin (izerdia, eguzki-kremak, etab.) erreakzionatu dezakete, kaltegarriak diren substantziak sortuz. Hori saihesteko, dutxatu ondo igerilekura sartu aurretik.

Arrisku mikrobiologikoak prebenitzeko

  • Dutxatu bainatu aurretik eta ondoren.
  • Erabili txinalak gune komunetan.
  • Ez bainatu gaixotasun kutsakorren bat baduzu.

Astero jarraipena egiten dugu hondartzetako uraren eta ingurunearen kalitatean, espazio segurua eta osasungarria dela bermatzeko. Kontrol horren barruan lan hauek egiten dira:

Bainatzeko uraren analisia

Astelehenero ur laginak hartzen dira jende gehien dagoen guneetan. 1-1,5 metro sakonerako eremuetan hartzen dira, azaletik 30 cm-ra, eta analizatu egiten dira.

Udako laginketa puntuak:

  • Ondarreta: erdialdea eta Tenisa
  • Kontxa: Loretopea, erdialdea eta Nautikoa
  • Zurriola: Urumea, erdialdea eta Ulia
  • Santa Klara uhartea: 15 egunean behin laginketa

Uda sasoitik kanpoko laginketa puntuak:

  • Ondarreta: Tenisa
  • Kontxa: Nautikoa
  • Zurriola: Ulia
Astero lekuan bertan ikuskapena egiten dugu uraren, harearen eta hondartzetako ekipamenduen egoera begiratzeko.

Goi-denboraldian, asteko 2. ikuskapena ere egiten da (laginik hartu gabe) kontrola indartzeko.
  • Ura:
  • Aparra, hondakin flotatzaileak, ohiz kanpoko kolorea edo usain arraroak dauden begiratzea.
  • Hidrokarburoak edo beste produktu oliotsuak detektatzea.
  • Harea:
  • Hondartza hondakinik gabe dagoela egiaztatzea, hala nola egurra, plastikoa edo janari-ontziak.
  • Alga eta harriak agertzea ez da kutsaduratzat hartzen.
  • Ekipamenduak eta zerbitzuak :
  • Aldagelak, komunak, paperontziak eta dutxak ikuskatzea.
  • Egoera orokorra, garbitasuna eta balizko matxurak egiaztatzea (txorrotetako edo dutxetako jarioak, hondakin-ontziak berritzeko beharra...).

Uraren kalitatearen eta ingurunearen garbitasunaren kalifikazioa astero argitaratzen dira:

  • Hondartzen webgunean.
  • Udan, hondartza bakoitzeko sarreretan informazio-panela.
  • Bainatzeko denboraldian (ekaina - iraila ) Osasun Ministerioaren NAYADE programa.

Hondartzak ingurumen-konpromisoarekin kudeatzen ditugu, pertsonen gozamenaren eta ingurunearen babesaren arteko oreka bermatuz.

Lortutako ziurtagiriak:

  • ISO 14001: ingurumen-kudeaketarako nazioarteko estandarra.
  • EMAS erregistroa (2003tik): Europako Batzordearen aintzatespena, Eusko Jaurlaritzaren bidez, ingurumen-kudeaketaren bikaintasunagatik.

Lehenago, hondartzek Bandera Urdina zuten, baina 2000. urtetik aurrera ziurtagiri zorrotzago horiek aukeratu ziren.