Tilia platyphyllos

Ezki hostozabala
Malvaceae
( Tilia platyphyllos )
Zein parketan dagoen: Cristina Enea
Zuhaitz berezia Zuhaitz Bereziak guztion ondarea dira, donostiarrok dugun aberastasun bizi handia, eta guztion artean zaindu behar ditugu, bizi garen ingurunea beren izaerarekin eta berezitasunarekin aberasten jarrai dezaten. Cristina Eneako ezki handia zuhaitz berezi ederra da, enborrak ia 4 metroko perimetroa du, eta adaburuak, 19 metrotik gorako diametroa. Egoera onean dago, egitura orekatua du eta hazkunde naturala ez da aldatu. Animalia, ornogabe, hegazti eta ugaztun txiki askoren bizilekua da; izan ere, babesa, elikatzeko lekua eta habiak egiteko lekua topatzen dituzte bertan.

Banaketa

Ezki hostozabala, jatorriz, Europan eta Asiako hego-mendebaldean hedatu da, sakonune heze eta freskoetan, kare-lurretan; baso mistoak osatzen ditu eta batzuetan nagusi bihurtzen da. Iberiar penintsulan, modu naturalean topa dezakegu Kantauriko iparraldeko mendietan eta Iberiar penintsulako erdialde-ekialdeko sistema menditsuan barrena.

Deskribapena

Ezki hostozabala adaburu estua duen zuhaitz hostoerorkorra da; 40 metroko altuerara irits daiteke, eta adaburu koniko biribila garatzen du. Enborra zuzena da, eta azala grisaxka. Adarrak gorantz zabaltzen dira angelu zabaletan. Hostoak, ezti hostotxikiarenak baino handiagoak, eroriak eta bihotz formakoak dira. Udazkeneko hostotza hori berdexka eta horia da. Luku-erako lore zintzilikariak ditu, horixkak eta usaintsuak. Erleek eta tximeleta batzuek polinizatzen dituzte ezki loreak. Fruitua egurrezko egitura batez estalita dagoen hazi biribil txiki bat da.

Bizitza luzeko zuhaitza da, normalean 300 urte baino gutxiago baditu ere, batzuk milaka urtekoak dira; hazkunde tasa moderatua du.

Erabilerak

Ezkia zurgintzan erabiltzen da, baita mendialdeak basotzeko ere. Zura biguna da eta zizelkatzeko erabiltzen da, eta zuhaitzaren gainerako atalak bazkarako, sokak egiteko edo egurra egiteko erabil daitezke. Landare meliferoa da eta erleek kalitatezko eztia sortzen dute. Digestio-sistemaren antiespasmodiko gisa erabil daiteke, baita lasaigarri moduan ere, antsietatearekin eta urduritasunarekin lotutako gaixotasunetan.

Bere ezaugarri eta balio apaingarriak direla eta –udazkeneko kolore horixka ikusgarriak, loraldi usaintsua eta enborraren kolorea–, askotan hiri-inguruneetako etorbideetan landatzen da kale-zuhaitz gisara (Donostiako Tolosa etorbideko ezki ikusgarriak, esaterako). Herrialde batzuetan katu-buruak eta arkitektura-inausketa oso erakargarriak egiteko erabiltzen da, baina horrelako jarduketek laburtzen dute bere bizitza.

Ekologia

Landareak erresistentzia ona du lehortearekiko, gazitasunarekiko eta kutsadurarekiko. Eguzki galdatan hazten da, kare-lur heze eta freskoetan; hiri-inguruneetan ere ondo moldatzen da, eta kutsadura atmosferikoa jasaten du.

Jatorria

Europa eta Asiako hego-mendebaldea

LOGO NEXT ARBOLES