Ulmus minor

Zumar hostotxikia
Ulmaceae
( Ulmus minor )
Zein parketan dagoen: Cristina Enea
Zuhaitz berezia Zuhaitz Bereziak guztion ondarea dira, donostiarrok dugun aberastasun bizi handia, eta guztion artean zaindu behar ditugu, bizi garen ingurunea beren izaerarekin eta berezitasunarekin aberasten jarrai dezaten.

Cristina Eneako goiko zelaia atzealdean duen eta zelaiaren muturretako bat apaintzen duen zumar handientsua ehun urteko zuhaitza da. 1864an lorategia diseinatu zuen Pierre Ducasse lorezain paisajistak emandako jarraibideen arabera landatutako zuhaitza da, ehun urtekoa.

Zumar izugarri hori izaki bizidun erraldoia da, enborrak 4 metrotik gorako perimetroa du, eta adaburuak, 25 metrotik gorako diametroa; egoera onean dago; inoiz bere hazkunde naturala aldatu zuten inausketak jasan zituen arren, egitura orekatua du. Animalia, ornogabe, hegazti eta ugaztun txiki askoren bizilekua da; izan ere, babesa, elikatzeko lekua eta habiak egiteko lekua topatzen dituzte bertan.

Cristina Eneako zumar handia Europako zumarrak sarraskitu zituen grafiosiaren pandemiatik bizirik atera ziren zumar bakanetako bat da. Lehen zumarra ohiko irudia zen, ezinbestekoa sinbolismoz beteriko landa- eta hiri-paisaietan; herri plaza askotako zuhaitza zen, bere azpian jendea biltzen baitzen oso antzinatik, itzalaz gozatzeko edo ekitaldi ospetsuak egiteko.

Banaketa

Zumarra Europa erdialdekoa, hegoaldekoa eta Kaukasoko eskualdekoa da jatorriz; hazteko baldintza onenak basoetan eta landu gabeko lurretan, gehienez 1.000 metroko altitudea duten eremuetan, aurkitu ditu. Antzinako garaietatik landu zen, Brontze Arotik; erromatarrek oparo landu zuten, eta gaur egun zaila da jatorrizko banaketaren mugak zehaztea. Grafiosiak (gaixotasun fungikoak) izugarri murriztu du bere presentzia banaketa-eremu osoan.

Deskribapena

Ulmus minor zuhaitz hostoerorkor handia eta sendoa da, 40 metrorainoko altuera izan dezakeena. Bere adaburu zabal eta biribilduak, hostotza trinkoak, itzal iluna ematen du. Enborra zuzena, lodia eta oso adartsua da, apur bat bihurria; heldutasunean barrualdea hustu egiten zaio askotan. Azala zimurra da, eta urratuta dago luzetara. Hostoak arinak eta dotoreak dira eta adaburu trinkoa eratzen dute. Loreak hostoak baino lehenago ateratzen dira. Fruituak azalera hegoduna duten samarak dira, arrakasta handiz ama landaretik urrun joateko.

Erabilerak

Zuhaitz gisa, basoberritzeko eta lurrak sendotzeko erabiltzen da. Gaur egun, bide-zuhaitz gisa, parkeetan, lorategietan eta haize-babes gisa erabiltzen da.

Zumarraren zura kalitate onekoa eta lantzeko erraza da; ez da erraz pitzatzen, ezta usteltzen ere, heze mantentzen bada; horregatik, tradizioz, itsas eraikuntzetan, meatze-piloteetan eta ur-eroanbideetan erabili izan da. Gaur egun, zur kontratxapatua ekoizteko eta arotzeriako eta eraikuntzako hainbat lanetarako erabiltzen da. Ez du egur onik ematen. Hostoak proteikoak eta digestio errazekoak dira, eta bazka gisa erabiltzen dira larrea agortuta dagoenean.

Zumarra gure inguruan gehien agertu den zuhaitzetako bat izan da, herrietako plaza nagusiak apaintzen eta itzalpetzen zituen, bilgune gogokoena izanik. Grafiosia gaixotasunaren ondorioz, zuhaitz hori desagertu da gure paisaietatik, murriztu baitira populazio naturalak eta parke eta lorategietan landatutakoak.

Grafiosia zumarretako gaixotasuna da, 16 metrotik gorako altueran hegan egiten duen kakalardo batek transmititzen duen onddoak eragindakoa; altuera hori gainditzen duten zuhaitzak bakarrik infektatzen ditu. Onddoaren erasotik babesteko zumarrak infektatutako adarrak blokeatzeko defentsa-estrategia du: zuhaitzaren atal hori lehortzea. Onddoak blokeoak baino azkarrago egiten duenez aurrera, zuhaitza lehortu egiten da. Gaixotasunarekiko erresistentzia handiagoa duten espezie batzuk sartu dira, hala nola Siberiako Ulmus pumila eta espezie hibridoak.

Ekologia

Klima epeleko eremuetan hazten da, lur fresko eta sakonetan, batez ere ur-ibilguen ondoan; ur-bazterreko beste zuhaitz batzuekin lotuta egoten da maiz.

Zumar hostotxikiak ondo jasaten ditu hotza, lehorteak eta airearen kutsadura. Mota guztietako lurretan hazten da, baina kare-lurrak, buztintsuak eta sakonak ditu nahiago, lurzoru pobreagoetan ere topa badaiteke ere.

Jatorria

Europa

LOGO NEXT ARBOLES