Aurrekontuak berrogeita hamar bat hobekuntza txertatu ditu, 8 milioi euroko balioarekin
Ogasun Batzordeak suhiltzaileen egoitza berritzeko, Aieteko Bera Bera pasealekua berroneratzeko edo lankidetzarako laguntza handitzeko partidak onartu ditu
2026/10/26 argitaratua
Ogasun Batzordeak EAJko eta PSEko udal taldeek 2027ko aurrekontu proiektuari aurkeztutako berrogeita hamar zuzenketa inguru onartu ditu gaur. Honenbestez, kontu publikoek 8 milioi euro inguru txertatuko dituzte proiektu batzuk hobetzeko edo handitzeko. Ekarpen berri horietako asko Udal Finantzaketarako Foru Funtsari esker egin ahal izan dira; izan ere, funts horrek hasieran aurreikusitakoa baino 9,7 milioi gehiago utziko dizkio Udalari. Era berean, etxebizitza hutsen OHZren errekarguak eta katastro-balioaren igoerak beste milioi eta erdi ematen dute donostiarren onurarako erabili ahal izateko.
EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketei esker, adibidez, 1,2 milioi euro jarriko dizkiote suhiltzaileen udal zerbitzuari, 660.000 euro Garberako egoitzako instalazioak berritzeko, 270.000 euro garraio materialerako eta 205.000 euro makineriarako.
Aurrekontua hobetzeak eragin berezia izango du Aieten, 338.628 euro inbertituko baitira Easo Abesbatzarako eta beste 300.000 euro Jolastoki hobetzeko. Gainera, Proiektu eta Obren partidan Bera Bera pasealekua berroneratzeko hirugarren faseari ekitea aurreikusten da, eta horretarako proiektu bat idazten ari dira.
Zuzenketak Guardetxea birgaitzeko 300.000 euro jasotzen dituzte eta hiriko puntu kritikoak deritzenak hobetzeko beste 120.000 euro. Era berean, beste 265.000 euro gehitu dituzte kooperazio esparruko dirulaguntzetarako, hiriko kontuetan nazioarteko kooperazio arloan % 0,7ra gerturatzeko helburuarekin.
EAJren eta PSEren zuzenketak azaroaren 5eko Udalbatzara eramango den Aurrekontuari gehitu zaizkio. Bertan, gainerako alderdi politikoen zuzenketak onartzeko aukera zabalik dago.