Irailaren 14an hasiko dira Ategorrietako Galtzada Zaharra hobetzeko lanak
Oinezkoen, bizikleten eta ibilgailuen arteko bizikidetza hobetu eta argiteria publikoa indartzeko
2026/09/11 argitaratua
Donostiako Udalak astelehenean, irailaren 14an, hasiko ditu Ategorrietako Galtzada Zaharra hobetzeko lanak, 28. zenbakiaren parean dagoen tartean (bertan dago kokatuta Jesuitak ikastetxearen sarrera nagusia).
Jarduketaren helburua da:
- eskola-ingurune horretan irisgarritasuna, segurtasuna eta mugikortasuna hobetzea
- oinezkoen, bizikleten eta ibilgailuen arteko bizikidetza seguruagoa ahalbidetuz
Lanek 158.086€ko aurrekontua dute, eta hiru hilabeteko exekuzio-epea.
Jarduketa nagusienak
- lehendik dagoen espaloia berritzea eta altxatzea izango da, irisgarritasun-baldintzak hobetzeko eta espazio hori eskola-garraiorako aparkaleku gisa erabili ahal ez izateko
- ikastetxera oinez sartzen diren pertsonen segurtasuna indartuko da
- Zurriola hondartzarantz doan noranzko bakarreko bidegorriaren ibilbidea aldatzea aurreikusten du. Gaur egun, bidegorri hori esku-hartzearen xede den espaloitik igarotzen da; obren ondoren, berriz, aparkaleku araututik igaroko da. Aldaketa horren bidez, mugikortasun-moduen arteko bizikidetza hobetu nahi da
- bidearen gehieneko abiadura 30 km/h-tik 20 km/h-ra murriztuko da, eta trafikoa lasaitzeko elementuak instalatuko dira, sakanguneak eta lautada gisako irtenguneak eraikiko dira, ibilgailuen abiadura murrizteko eta segurtasuna handitzeko, bereziki sentikorra den eremu batean, bertan ikastetxe bat ere badagoelako
Argiteria hobetu
Gainera, esku-hartze horren bidez, Ategorrietako Galtzada Zaharreko zati horretako argiteria publikoko instalazioak berrituko dira. Gaur egun argiztapen gutxiko puntuak ditu bide horrek, eta bertan argiztapena eta ikuspena indartzeko beharra dago, batez ere gaueko orduetan.
Ane Oyarbide Berdintasuneko zinegotziak azaldu duenez, "argiztapena hobetzeak ikuspena hobetzea esan nahi du, baina, era berean, pertsonak seguruago sentitzen laguntzea espazio horretatik igarotzen direnean, batez ere jende gutxien dagoen orduetan. Segurtasunak gure espazio publikoak diseinatzeko eta zaintzeko moduarekin ere badu zerikusia".
Eraginak
- obrek eragina izango dute inguruko ikastetxeetan, egoitzetan eta etxebizitzetan
- kalea itxita geratuko da Saltxipi jatetxe paretik aurrera (bertako ibilgailuentzat izan ezik), baina oinezkoek eta bizikletek erabiltzen jarraitu ahal izango dute
- lanen azken astean, berriz, ibilgailu guztientzat itxita geratuko da kalea, gauez asfaltatzeko lanak egin ahal izateko