Donostiak miniestadio berritua estreinatu du
Birmoldaketak lehen mailako prestazioak dituen instalazioa bihurtzen du
2026/06/30 argitaratua
Anoetako miniestadioak ateak ireki ditu, berrikuntza integraleko prozesu bat amaitu eta gero. Inbertsioa, lehen esan bezala, ia sei milioi eurokoa izan da azkenean. Urtebete inguru obretan igaro ondoren, atletek eta Donostia Kirolaren erabiltzaileek berriro baliatu dezakete instalazioa. Azpimarratu behar dugu Estatuko atletismoaren erreferenteen artean dagoela, eskaintzen dituen prestazioak direla-eta.
Birmoldaketari esker, lortu da:
- azken belaunaldiko pista bat, zoladura sintetiko urdinezkoa,
- pista berriak World Athleticsek homologatutako zoladurarekin
Beste berritasun batzuk izan dira:
- belar naturaleko zelaia erabat berritzea,
- estalki berri bat eraikitzea,
- biltegiratzeko lekuak zabaltzea
- gimnasioak hartzen duen eremua handitzea ere.
Gimnasio eta harmaila berriak
Eraberritzeari esker, 285 m² inguruko gimnasio berritu bat sortu da, prestakuntza fisikorako eta kirol-errendimendurako pentsatua. Esparruak pisu libreko eremu zabal bat du, honako tresna hauek dituena:
- rack eta Smith makinak,
- indar-lanerako ekipamendu espezifikoa,
- berotzera eta berregokitzera bideratutako kardio-makinak,
- entrenamendu funtzionalerako eremu bat
- eta bultzatze eta arrastatze ariketetarako lera-errei bat.
Hala, nabarmen handitu dira atletek eta erabiltzaileek entrenatzeko zituzten aukerak.
Bestalde, harmailek 1.200 ikusle baino gehixeago har ditzakete orain, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako lekuak daude. Behar izanez gero, instalazioak bere edukiera handitu ahal izango du, kanpoko eraztunean aldi baterako kokatutako moduluen bidez eta horretarako prestatuko diren beste eremu batzuen bidez.
Beste hobekuntza batzuk
Instalazioa martxan badago ere, oraindik lan txiki batzuk egiteko daude, hala nola seinaleak jartzea, gimnasioko pisu libreko eremuko zoladura amaitzea, lera behin betiko instalatzea gune honetan… Falta diren lan eta elementu guztiak datozen asteetan osatuko dira.
Bestalde, kanpoko eraztunean dagoen belar artifizialeko pista berritu egingo da, egungo luminariak LED teknologiarekin ordezkatzen amaitu eta gero.
Aurreikuspenen arabera, bi esku-hartzeak 2026a amaitu baino lehen amaituko dira.