​​​​​​​Jon Insausti: “Trenbideko garraioak donostiarron bizitza erraztuko du”

Alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei azken urteetako afekzioekin izan duten pazientzia eta eskuzabaltasunagatik

2026/05/25 argitaratua

Jon Insausti Donostiako alkateak Atotxako geltoki berrituan adierazi duenez, hiriak "etorkizuneko trena hartu du, eta azpiegitura horrek donostiarrei bizitza erraztuko die".

Gaur goizean geltoki berrira egindako bisitan, alkateak azpimarratu du trenak beti ekarri duela oparotasuna Donostiara, "baina oparotasun horretatik harago, herritarren zoriona ere kontuan hartu nahi dugu, eta proiektu honek onura handiak ekarriko ditu eguneroko gauza txikietan, bizi-kalitatea hobetzen lagunduz".

Insaustik nabarmendu duenez, "garraioaren etorkizuna trenak marrazten du. Iraultzarik handienak trenek sortu dituzte, eta hala jarraituko dute etorkizunean ere:

  • Topoa, amaitzear dagoen pasabidearen bitartez,
  • Altza-Galtzarabordako tarteak,
  • Loiolako Erriberetako aldageltokia,
  • eta orain Atotxa.

Proiektu horiek guztiek badute gauza komun bat: aliantzetan oinarritzen direla, posible izan direla, hainbat erakunderen arteko aliantzen gainean eraiki direlako". Alkateak argi utzi du: "XXI. mendean hiriak izango duen jauzia trenbide-azpiegiturak ekarriko du, zalantzarik gabe".

"Hiria egiten" duen azpiegitura

Insaustik nabarmendu nahi izan duen beste ideietako bat da azpiegitura mailan horrelako proiektuak garrantzitsuak direla, baina "haratago doa, hau da, hiria egiten duen proiektu bat da. Hiri-kalitateaz, arteaz eta nortasunaz ari gara, Remigio Mendibururen eta Esther Ferreren lanak izango baititugu. Baina, batez ere, bizi-kalitatea hobetzeaz ari gara. Gune publiko ordenatuagoa, garbiagoa, seguruagoa, atseginagoa izango dugu. Gure hiriko kaleetan hobeto sentitzen lagunduko digu, kalitatezko espazio publikoa baita".

Gainera, Insaustik gogorarazi duenez, "orain erronka Tabakaleraren aurrean sortutako plaza parke bihurtzea da. Aukera gune bat dugu, eta gure anbizioa herritarrek gozatzeko leku bihurtzea da".

Amaitzeko, alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie proiektuan parte hartu duten erakundeei, baina batez ere "donostiarrei, beraien pazientziagatik. Obrak, eraginak, eguneroko bizitzan aldaketak... Baina orain normaltasuna berreskuratzeko eta egin duten ahalegin horrek ekartzen dizkigun abantailez gozatzeko unea iritsi da. Eskertzekoa da jendearen eskuzabaltasuna, horri esker orain denok irabaziko baitugu".