Identifikazio-eskumuturrekoak galdutako adingabeak errazago aurkitzeko hondartzetan
Urarekiko erresistenteak diren eskumuturrekoak doan ematen dira sorospen-zerbitzuko zaintza-dorreetan
2026/07/14 argitaratua
Donostiako Udalak herritarrei gogorarazi nahi die garrantzitsua dela hiriko hondartzez lasaitasunez eta segurtasunez gozatzea, batez ere jende gehien biltzen den egunetan. Horretan laguntzeko, NEO enpresak eskaintzen duen sorospen-zerbitzuak adingabeentzako identifikazio-eskumuturrekoen familien eskura jartzen ditu, hauek galtzen badira ahalik eta azkarren aurkitzeko.
- eskumuturrekoak urarekiko erresistenteak dira
- sorospen-zerbitzuko zaintza-dorreetan entregatzen dira, doan
- adingabearen izena eta pertsona heldu arduradunaren telefono-zenbakia idatz daitezke, eta, galduz gero, sorospen-langileak edo beste edozein pertsona berehala jar daiteke harremanetan familiarekin
Prebentzio-neurri horrek garrantzi berezia hartzen du hondartzak gehien okupatzen diren egunetan, eta aukera ematen du gorabehera horiek azkarrago konpontzeko, familien nahiz adingabearen beraren kezka murriztuz.
Iñigo García Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako eta Ingurumeneko zinegotziak adierazi duenez, "familiek gure hondartzez ahalik eta lasaitasun handienarekin gozatzea nahi dugu. Identifikazio-eskumuturreko bat bezalako neurri erraz bat erabakigarria izan daiteke despistea gertatuz gero haur bat azkar aurkitzeko eta larritasun-egoerak saihesteko ".
Halaber, sorospen zerbitzuak uda osoan egiten duen lana eskertu nahi izan du. "Gure sorospen-taldeek funtsezko lana egiten dute hondartza seguruak bermatzeko. Larrialdi-egoeretan esku hartzeaz gain, prebentziozko eta herritarrei arreta emateko lan garrantzitsua egiten dute, milaka pertsonak Donostiako itsasertzaz segurtasunez goza dezaten ".