Donostiako Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu ditu etxebizitzetan bitxiak lapurtzeagatik
Atxilotuek baliozko objektuak lapurtzen zituzten, inplikatuetako batek etxebizitzetan garbiketa-lanak egiten zituela aprobetxatuz
2026/06/26 argitaratua
Donostiako Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu ditu ondarearen aurkako delituen aurkako operazio baten barruan. Horrela, etxebizitza pribatuen barruan bitxiak eta baliozko gauzak etengabe lapurtzen aritzen zen ustezko talde bat desegin du.
Ikerketa poliziala hiriko hainbat etxebizitzatan goi-bitxigintzako piezen desagerpenean patroi bat atzeman ondoren hasi zen. Ikerketek agerian utzi zutenez, modus operandi-a atxilotuetako batek kaltetutako etxebizitzetan egiten zituen garbiketa- eta laguntza-lanek sortutako konfiantza-harremanaz baliatzea zen. Horrela, gela pribatuetara sartu eta baliozko ondasunak lapurtzen zituzten berehala susmorik piztu gabe.
Agenteek egiaztatu dutenez, lapurreta horien biktimak, gehienbat, adineko pertsonak dira, bereziki zaurgarria den kolektiboa. Gertakarien iraupen luzea dela eta, oraingoz ez da ezagutzen lapurtutako materialaren zenbateko oso zehatza. Hala ere, jada berreskuratutako efektuetan eta bigarren eskuko salmenta-kanaletan atzemandako transakzioetan oinarrituta, ikertzaileek 29.000 eurotako irabaziak izan dituztela frogatu dute. Diruaren zati bat eta hainbat objektu atxilotuen etxean aurkitu zituzten udaltzainek.
Operazioa zabalik jarratzen du
Operazioak zabalik jarraitzen du lapurreten irismena zehazteko, hirugarrenei saldutako piezak aurkitzeko eta biktima guztiak identifikatzeko, berreskuratutako objektuak haien legezko jabeei itzuli ahal izateko. Atxilotuetako batek lana egin zuen 112 etxeetan izan da udaltzaingoa bere ikerketa sakonaren baitan. Elkarrizketatutako 29 bezeroek salaketak jarri dituzte ebasketak antzeman ondoren, eta haietako bederatziek lapurtutako objektu jakinak aurkitu dituzte berreskuratu diren objektuen artean.
Bideratutako eginbideak eta atxilotutako pertsonak eskumena duen agintaritza judizialaren esku utzi dituzte.