Euskararen ahozkotasuna lantzeko online saioak doan 8-14 urtekoentzat
Izen-ematea zabalik irailaren 21a arte
2026/09/11 argitaratua
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskararen ahozkotasuna lantzeko eskolaz kanpoko on line saioak antolatuko ditu urritik maiatzera, 8-14 urte bitarteko haurrentzat. MintzaOn izena duen aisialdiko jarduera honek bi helburu nagusi ditu: parte-hartzaileak gustura aritzea euskaraz eskolatik kanpo; eta ahozko euskara lantzea, giro atseginean.
MintzaON ez da euskara irakasteko jarduera bat, euskara praktikatzeko eta hobetzeko egitasmoa baizik. Eskola orduz kanpo egiten da, astean behin eta doan. Haurrak, talde txikitan (5-7 lagun) solasean ariko dira begirale baten laguntzarekin hainbat ekintza eginez: hizkuntza-jokoak, erronkak, musikarekin loturiko ekimenak eta gustuko dituzten bestelako jarduerak partekatuko dituzte.
Egitasmoa irekia da eta euskaraz hitz egiteko gaitasuna duen edonork parte hartu ahal izango du. Etxetik parte hartuko da edota haurren arduradunek egoki irizten dioten lekutik, astean behin, 45 minutuz, eskolatik atera ondoren. 350 bat parte hartzaile izango dira guztira
Bi aldaera
MintzaOn: 8-12 urte bitartekoentzat (LH 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleentzat).
MintzaOn+: 12-14 urte bitartekoentzat (DBH 1 eta 2. mailako ikasleentzat).
Izen-ematea eta informazioa
Irailaren 21a arte zabalik egongo da izen-ematea. Doako jarduera izanik, plaza mugatuak ditu, eta behar izanez gero, zozkatu egingo dira.
Jardueran interesa duten haurren gurasoekin edota adin txikikoen arduradun legalekin online bilerak egingo dira irailaren 16an eta 17an ( bileran parte hartzeko, izena eman behar da 15a baino lehen hemen.