Udaltzaingoak ontzi batentzako amarralekua izango du portuan
Badia inguruan segurtasuna hobetzeko
2026/06/23 argitaratua
Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako Udalaren eta Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena onartu du, Udaltzaingoak instalazioak erabil ditzan, badiako zaintza-lanak egiten jarrai dezan, eta biek ere koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko sortzen diren batzordeetan parte hartu ahal izan dezaten.
Jon Insausti alkateak azpimarratu duenez, "akordio honek agerian uzten du zein garrantzitsua den erakundeen arteko lankidetza herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko, kasu honetan segurtasunarena badia bezalako leku garrantzitsu batean".
Hitzarmen horri esker, Udaltzaingoak zodiac motako ontzi pneumatikoarentzako amarraleku bat izan dezake. Ibilgailu horrek zerbitzu berezia eskaintzen du: nabarmentzekoak dira igeriketa-probetan, estropadetan, Kontxako badian bainulariak erreskatatzeko operazioetan eta, oro har, Kontxako badiaren eta Urumea ibaiaren bokalean ingurune urtarreko segurtasuna kontrolatu eta bermatzearekin zerikusia duten jardueretan parte hartu izana.
Gainera, bi erakundeek konpromisoa hartzen dute ingurune horretako aparteko larrialdiekin zerikusia duten gaietan eratu daitezkeen batzordeetan edo lantaldeetan elkarrekin lan egiteko.
Udaltzaingoaren ibilgailuak
Erabaki horretaz gain, Tokiko Gobernu Batzarrak Udaltzaingorako lau patruila-auto renting sistemaren bidez hornitzeko kontratazioaren espedientea onartu du, 66.792 €-ko lizitaziorako oinarrizko aurrekontuarekin eta 5 urteko epearekin.
Ibilgailu horien hornidurak Udaltzaingoaren patruila-ibilgailuen flota berritzeko eta handitzeko beharrari erantzuten dio, eta, aldi berean, ingurumen-inpaktu negatiboa murrizten laguntzen du, bai eta mantentze-lanak ingurumena gehiago errespetatzen ere.
Eraikuntzaren Institutua eraisteko lizentzia
Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarraren gaiez gain, alkateak iragarri du Udalak Altzan dagoen eta Kutxa Fundazioaren jabetzakoa den Eraikuntzaren Institutua eraisteko lizentzia sinatu duela. Jon Insaustik aurreratu duenez, "laster sartuko dira eraikina eraisteko makinak", eta "auzoa berroneratzeko dudan konpromisoa" berretsi du. "Horretarako, bizilagunekin eta inguruko eraikinen jabeekin harremanetan nago etengabe, eta urratsak bata bestearen atzetik ahalik eta azkarren ematen ari gara".